Udalak isuna jarriko dio Iza Obras y Promociones enpresari Aita Agirre kulturgunearen lanetan atzeratu egin direlako

Barren.eus 2019ko mar. 7a, 10:14

Elgoibarko Udalak espedientea zabalduko dio Iza Obras y Promociones enpresari, ez dituelako bete Aita Agirre Kulturgunea egiteko obren epeak. Eguneko 476,65 euro + BEZ suposatuko dio enpresari atzeratzen den egun bakoitzeko.

Aita Agirre eraikina birgaitu eta kulturgunea egiteko lanen esleipenera hamasei enpresa aurkeztu ziren eta proiektua gauzatzeko hasierako aurrekontua 3.519.489,69 euroan (BEZa kanpo) ezarri zen arren, Iza Obras y Promociones enpresak 2.393.252,99 euroko (BEZa kanpo) eskaintza aurkeztu zuen eta Udalak enpresa horri esleitu zion lana. Proposamen ekonomikoaz gainera, enpresak bizkaitarrak 40 puntutik 34,4 lortu zituela jakinarazi zuen Elgoibarko Udalak.

2017ko uztailean hasi zituzten obrak, eta epeen arabera, urtarril erdialderako amaitu behar zituzten. Lanetan, baina, zailtasunak suertatu ziren eraikinaren atzeko aldean zegoen horma egoera txarrean zegoelako eta teilatua egiteko teila gehiago behar zirelako. Horren aurrean, Udalak epea luzatu zuen, baina luzapen epe hori ere amaitu da, eta obrak oraindik amaitu gabe daude. Obra esleitzeko oinarrietan jartzen du eguneko 0,20 euroko isuna izango duela enpresak, kontratuaren 1.000 euro bakoitzeko. Eguneko 476,65 euro + BEZ suposatuko dio enpresari atzeratzen den egun bakoitzeko. Elgoibarko Udalak osoko bilkuran onartu zuen espedientea zabaltzea eta isuna jartzea.

∞ Lotura duten albisteak: