Bernardo Ezenarro kalea ibilgailuentzat norabide bakarrekoa izateko lanak hasiko ditu Udalak

Barren.eus 2019ko ots. 8a, 14:32

Bernardo Ezenarro kalea berrurbanizatzeko lanak lizitazioara atera ditu Elgoibaro Udalak. Obrak amaitutakoan norabide bakarrekoa izango da trafikoarentzat, goranzko norabidean.

Elgoibarko Udalak jakinarazi duenez, 63.238 euro (BEZa barne) bideratuko ditu Bernardo Ezenarro kalea berrurbanizatzera. "Kalea norabide bakarrekoa izateko trafikoarentzat, espaloia zabaltzeko eta oinezkoen segurtasuna bermatzeko", azaldu dute udal arduradunek. Era berean, galtzadaren alde batean hogei aparkaleku egingo dituzte. Iosu Arraiz hirigintza zinegotziaren esanetan, lanak hurrengo asteetan hastea aurreikusten dute eta gutxi gorabehera bi hilabeteko iraupena izango dute, beti ere eguraldiak laguntzen baldin badu. 

San Rokera igotzeko igogailuraino doan espaloia ere zabaldu egingo dute, eta hala, igogailua eta anbulatorioaren arteko zebra-bidetik igarotzen diren oinezkoen segurtasuna handitu. Gaur egun dagoen espaloiak 1,5 metro inguru dituela jakinarazi dute, eta berrurbanizazio lanak amaitutakoan, 2 eta 3,5 metro bitarteko zabalera izango du. Trafikoarentzat errei bakarrarekin nahikoa izango denez, galtzadaren alde batean hogei aparkaleku sortuko dituzte.

•Herritarrek bozkatutako proiektuetako bat

2018ko udal aurrekontuak osatzeko martxan jarritako prozesu parte hartzailean boto gehien jaso zituzten hiru proiektuetako bat da Bernardo Ezenarro kalea berrurbanizatzea. Beste bat, Urazandi eta Aizkorri arteko bidexka berrurbanizatzeko lanak, martxan daude. Elgoibarko akate Ane Beitiak adierazi du prozesu parte hartzailean lehenetsitako beste proiektu bati hasiera ematen diotela, "herritarren aurrean hartutako konpromisoari erantzun bat emanez". Era berean, Beitiaren esanetan, oinezkoei lehentasuna emango dion obra da Bernardo Ezenarron egingo dutena, oinezkoen segurtasuna bermatzeko, bai zebra-bidean, bai anbulategiko sarreran.

2019 02 08 bernardo ezenarro kalea elgoibar planoa

2019 02 08 bernardo ezenarro kalea elgoibar planoa plano 1

∞Lotura duten albisteak: