Urazandi eta Aizkorri arteko bidexka berrurbanizatzeko lanak hasi dituzte

Barren.eus 2019ko urt. 15a, 14:41

Aizkorri eta Urazandi auzoak lotzen dituen oinezkoentzako bidexka konpondu eta berrurbanizatzeko lanak hasi dituzte. 2018an, zortzi proiektu bozkatzeko aukera eman zuen Udalak eta boto gehien jaso zuen bigarrena izan zen honakoa.

Proiektuaren bitartez, bide hori berrurbanizatu, egokitu eta bere onera ekarriko du Elgoibarko Udalak, Elgoibarko auzoen arteko lotura hobea izateko eta, halaber, udalerriko ibilbide osasungarrien sarea sustatzeko. 44.600 euro inguruko aurrekontua dute asteon hasi dituzten lanek. Construcciones Echaide enpresa ari da bidexka berrurbanizatzen, eta lanek lau hilabeteko iraupena izatea aurreikusten dute udal arduradunek.

Halaber, Gipuzkoako Urak, Udalak martxan jarritako lan hauek aprobetxatuko ditu ur sarerako hodi berriak sartzeko, Santa Klara eta Urazandi auzoen artean kalitatezko ur hornidura zerbitzua bermatzeko.

2018an, zortzi proiektu bozkatzeko aukera eman zuen Udalak eta boto gehien jaso zituzten hirurak gauzatuko dituzte. 2019n ere izango da parte-hartzea sustatzeko partida, 200.000 eurokoa oraingoan ere, udal aurrekontuetan jasota dagoen moduan.

2019 01 15 urazandi aizkorri bidexka obrak elgoibar

∞Lotura duten albisteak: