Behin-behineko aparkalekuak egokitu ditu Udalak Pista beltzean garajeak dituzten herritarrentzat

Barren.eus 2018ko abe. 17a, 11:49

Pista Beltza iragazgaizteko eta berriz urbanizatzeko obrek zuzenean eragiten diete 150 garaje baino gehiagoko jabeei. Une honetara arte, ibilgailuei kalean sartzen utzi badiete ere, azken fasean ezinezkoa izango dela aurreratu du Udalak. Garajeotako erabiltzaileentzako aparkaleku berriak egokitzea erabaki du Udalak.

Pista Beltza iragazgaizteko eta berriz urbanizatzeko obrek zuzenean eragiten diete 150 garaje baino gehiagoko jabeei. Une honetara arte, ibilgailuei kalean sartzen laga badiete ere, azken fasean ezinezkoa izango dela aurreratu du Udalak. Garajeotako erabiltzaileentzako aparkaleku berriak egokitzea erabaki du Udalak. Gune horietako bat Arreiturre institutuko patioa izango da, non 50 aparkaleku egokitu dituzten, eta beste bat, Santa Anako biribilgunetik Azkuera (San Roke) daraman bidea (47 aparkaleku).

Gune horietan aparkatu ahal izateko txartelak banatu dizkiete garaje jabeei. Arreiturre institutuan lanegunetan aparkatu ahal izango da, 17:30etik 7:30era; eta asteburuetan, berriz, aparkatzea librea izango da, Azkuera (San Roke) daraman bidean bezalaxe. Bide horretan 47 aparkaleku sortu ahal izateko, bidea noranzko bakarrekoa izango da. Hala, Santa Anako biribilgunetik Azkuera (San Roke) igotzen diren ibilgailuak bakarrik igaro ahal izango dira bertatik.
Beste alde batetik, txartela duten ibilgailuek 60 ibilgailu har ditzakeen Sigmako aparkaleku estalian aparkatu ahal izango dute, ordu mugarik gabe. Hau da, aparkaleku honetan ez da TAO abian egongo txartela duten bizilagunentzat.

Herritarren artean "Pista beltza" moduan ezaguna den Juan Mugertza kalean hezetasun arazoak konpondu eta irisgarritasuna hobetzeko hainbat lan egiten dihardu Udalak azken hilabeteetan. Zolaketa lanez gainera, kalearen urbanizazioa hobetzea eta San Roke eta “karakolaren” artean metalezko arrapala bat eraikitzeko lanak aurreikusten ditu proiektuak.

Elgoibarko alkate Ane Beitiaren esanetan garajeetako solairuan dauden hezetasun arazoak errotik kendu nahi dituzte, eta aldi berean, inguruneari itxura "adeitsuago" bat eman. Asmo horretan, parterreak eta jardinerak moduko elementu berdeak, hiri-altzariak eta bereziki pertsona nagusientzako "jolasgune bio-osasungarria" ipiniko dituzte pista beltzean. Era berean, metalezko arrapala bat eraikitzea ere aurreikusten du Udalak aurkeztu duen proiektuak. Karakol zubia eta Juan Mugertza kaleko 1. zenbakiko ataria lotuko ditu arrapalak.

2018 12 13 juan mugertza kalea pista beltza elgoibar obrak

2018 12 14 juan mugertza kalea pista beltza elgoibar obrak