Ez labaintzeko tratamendua emango du Udalak herriko zenbait gunetan

Barren.eus 2018ko urr. 5a, 19:03

Elgoibarko Udalak ez labaintzeko tratamendu bereziak emango ditu herriko zenbait puntutan, datozen egunetan. Herrian dauden egurrezko bi zubitan emango dute erorketak sahiesteko tratamendua.

Euria egiten duenean edo izotzarekin oso labainkor geratzen dira egurrezko zorua duten zubiak eta pasabideak, eta horietako bitan emango dituzte ez labaintzeko tratamenduak, aurrez Kultur Etxe atzeko zubiaren zoruarekin egin zuten moduan. 

Lerungo zubiaren egurrezko zorua da tratatuko dutenetariko bat. Guztira 194 metro koadroko azaleran emango dute ez labainzteko tratamendu berezia. Elgoibarko Udalak 7.044 euro bideratuko ditu lanotara. Tratamendua emateko hiru egun behar dira, beraz, datorren martitzenetik eguenera (urriak 9, 10 eta 11) itxita egongo da zubia.
Anbulategiaren parean dagoen igogailuaren goialdeko pasabidean ere emango dute ez labainzteko tratamendua. Kasu honetan, lanak datorren barixakuan hasiko dira, urriaren 12an, eta egun osoan zehar, bai pasabidea, bai igogailua itxita egongo dira. Lan hauek ez dute kostu ekonomikorik suposatuko Udalari, berme barruan daudelako.