San Roke kaleko espaloiak konponduko eta zabalduko dituzte

Barren.eus 2017ko ira. 29a, 15:30

Elgoibarko Udalak jakinarazi duenez, urrian hasiko dituzte San Roke eta Arreiturre kaleetako ur-hornikuntzako sarea berritzeko eta sektorizatzeko lanak, eta lanok aprobetxatuz, espaloiak konpondu eta zabalduko dituzte.

Gipuzkoako Ur Kontsortzioak Elgoibarko ur-hornikuntzako sarea berriztatzeko eta sektorizatzeko lanen barruan, udalerrian berriztatzeke dauden fibrozementuzko sareak progresiboki ordezkatzen jarraituko du. Honako honetan San Roke eta Arreiture kaleetako hoditeria aldatuko dute. Guztira 858 metro fibrozementuzko hodi izango dira aldatuko direnak. Lan hauen helburua bikoitza dela jakinarazi dute: batetik, ur-hornikuntzako saretik fibrozementu materiala kentzea; eta bestetik, sareak zaharrak direla-eta eta sortzen diren matxurak, ur emariak eta kalteak murriztea.
Hoditeria berria egungo lineekiko paraleloan jarriko dute, ur hornidura zerbitzuari ez eragiteko. Hau egitea ezinezko den tarteetan behin-behineko by-pass bat egitea aurreikusten dute.  
Berritu beharreko hoditeriaren ibilbidea dela eta, eragina izango du trafikoan. Edonola ere, ibilgailuen zirkulazioari edota oinezkoen igarotzeari dagozkien eraginak (mozketak, saihesbideak…) Udaltzaingoarekin eta Bulego teknikoarekin koordinatuko dira, "obrak eta aukera guztiak uneoro ongi seinaleztatuta" egon daitezen. Gipuzkoako Ur Kontsortzioak informazio oharrak jarriko ditu kaltetutako gunean, eta obrek irauten duten bitartean sor daitezkeen kalteen inguruko informazioa emango du.
Lan hauek egingo direla aprobetxatuz, Elgoibarko Udalak San Roke kaleko espaloi batzuk konpondu eta zabalduko ditu. Kontsortzioak obra osoa burutzeko 16 aste beharko dituela aurreikusten du. Lanak urrian hasiko dituzte eta guztira 231.342,84 euro inbertituko dira.

planoa obrak san roke elgoibar

∞ Lotura duten albisteak