Barandak berrituko dituzte Jausoro plazan eta Pedro Mugurutzan

Barren.eus 2017ko uzt. 21a, 12:37

Elgoibarko Udalak 47.000 eruro inguru bideratuko ditu Jausoro plaza inguruan eta Pedro Mugurutza kalean dauden baranda zaharrak kendu eta berriak jartzeko. Era berean, Urazandiko Haur Eskolako teilatua aldatu eta instalazioa hobetuko dituela ere jakinarazi du Udalak.

Jausoro plaza ingurutik eta Pedro Mugurutza kaletik pasatzen diren herritarren “segurtasuna hobetu eta bermatzeko” berrituko dituztela barandak jakinarazi du Elgoibarko Udalak.

Barandak berritzeko lanak Ulmar enpresari esleitu dizkiote eta gehienez hiru hilabete izango dituzte lanak bukatzeko. Udalak 47.032 euro bideratuko ditu (BEZa kanpo) bi gune hauetako babes-barandak eraberritzeko. Pedro Mugurutzako lanak uztailaren amaieran edota abuztuaren hasieran hastea aurreikusten dute. Jausorokoak aldiz, irailean hasiko dituztela zehaztu du Udalak.

Barandak desmuntatu eta kudeatzaile baimendu bati eramango dizkiote; eta horien ordez, altzairu herdoilezinezkoak baranda berriak jarriko dituzte, eskailera-zatietan eta arrapaletan, barandek eskubanda bikoitza izango dute eta barandak oinarriari ainguratuko zaizkio erresistentzia handiko erretxinen bidez.

Jausoron 300 metro baranda berri ipiniko dituzte guztira eta 30 metro Pedro Mugurutzan.

• Urazandiko Haur Eskolako teilatua hobetzeko lanak

Elgoibarko Udalak, ia 40.000 euro bideratuko ditu Urazandiko Haur Eskolako teilatua aldatu eta instalazioa hobetzeko, udako hilabeteak aprobetxatuz. Teilatuan atzeman dituzten arazoak direla eta erabaki dute teilatua aldatzea. Revestimientos Metálicos Plamar enpresak egingo ditu lanak. Udalak, teilatuaren berriztatze lan hauetarako 31.700 euro baino gehiago bideratuko ditu (BEZa kanpo). Gainera, Haur Eskolako sarreran markesina berri bat jarriko dute. Obrek 4 asteko iraupena izatea aurreikusten dute udal arduradunek, eta lanekin abuztuan hastea espero dute.

Berogailu berria

Bestetik, hau ez da Udalak hezkuntza zentro honetan egingo duen obra bakarra izango. Haur Eskolako berogailuak eta instalazioa ere aldatuko dituzte abuztuan. Lanak Sargori enpresak burutuko ditu eta Udalak 7.667 euro bideratuko ditu (BEZa kanpo) lanotarako.

Iosu Arraiz, Elgoibarko Hirigintza zinegotziaren esanetan, eskoletan gastatzen den dirua ondo gastatutako dirua da, "argi baitago egindako inbertsioari ateratzen zaion errendimendua oso altua dela, bertatik urtero pasatzen diren ikasleen egoera nabarmen hobetzen dela ikusten baita”.

txanpinoia urazandi elgoibar teilatua

baranda berriak elgoibar non Jausoro1

barandak berritu elgoibar jausoro esk

baranda berriak elgoibar non PedroMugurutza3

baranda berriak elgoibar non Pedro Mugurutza1

Lotura duten albisteak: