Urazandi auzoko argiak berrituko dituzte

Barren.eus 2017ko mai. 12a, 17:09

Urazandi auzoko argiteria berritzeko 55.000 euro erabiliko dituela jakinarazi du Elgoibarko Udalak. Argi zaharkituak kendu eta led teknologiadunak jarriko dituzte Uranzadi, Kalamua, eta Morkaiku kaleetan zein King Kong zubian.

Guztira, Urazandiko 120 argi puntu berrituko dituztela jakitera eman du Udalak. Lanak udan hastea aurreikusten dute eta lau hilabeteko epean amaitzea espero dute. Lanok, 2017-2020 aldirako eraginkortasun energetikoaren Plan estrategikoaren barruan gauzatuko dituztela azaldu dute. Udal agintarien kalkuluen arabera, argiztapen sistema berriek energia-kontsumoan gutxi gorabehera %66ko (55.186 KWh/urte) aurrezpena ekarriko dute. Halaber, CO2 isuriak 21 tona inguru murriztuko direla ezagutarazi dute. Abantaila gehiago ere aipatu dituzte, argiteria publikoa "seguruagoa" eta uniformeagoa izango dela, besteak beste.

Herriko beste zenbait gunetan ere jarri dituzte Urazandin jarri asmo dituzten argien modukoak eta emaitzarekin gustura geratu ostean hartu du Udalak herriko argiteria aldatzen jarraitzeko erabakia. 
Izan ere, Udalak 85.000 euroko partida inbertitu zuen Altzola eta Sigma auzoetako argiteria berritzeko, 2014. urtean, eta kontsumo-energian %60 inguruko aurrezpena izan zela ikusi zuten. Era berean, plaza eta bolatokiko argiteria eta baita San Bartolome eta Rosario kaleetakoak ere berritu zituzten 2015ean. Iaz, azkenik, 33.000 euro inbertitu zituen Udalak 77 argi puntu aldatzen, hain zuen ere, San Roken, Arregitorren eta San Frantziskon.
Herriko beste hainbat kale eta gunetako argiteria hobetzen jarraitzeko asmoa duela aurreratu du Elgoibarko alkate Ane Beitiak, eta era berean, Elgoibar herritar guztientzat herri "jasangarri, moderno eta seguru" bilakatzen duten ekintzak sustatzen jarraituko dutela gaineratu du.

∞Lotura duten albisteak:

urazandi argiak elgoibar 1