Mendaron eraiki asmo duten kirolerako eta aisialdirako guneak ez die herriaren benetako beharrei erantzuten, EAJren ustez

Barren.eus 2017ko api. 7a, 06:21

Ospitale azpian kirolerako eta aisialdirako gune berri bat sortu asmo dutela jakinarazi zuen Mendaroko Udalak orain hamabost egun eta EAJk oharra atera du eta etxez etxe banatu horren inguruko bere iritzia emanez.

EAJk uste du gune horretan egin asmo dituzten azpiegiturek ez diotela erantzuten herriaren benetako beharrei. Iruditzen zaie Mendaron frontoia eta ikastolako patio estalia izanda, ez duela zentzurik padeleko kantxa bat eta erabilera anitzerako estali gabeko kantxa bat eraikitzeak leku horretan. Era berean, ur-txorrotei ere politak irizten diete uda sasoirako, baina hemen uda motza dela nabarmendu dute eta udarako bakarrik instalazio bat sortzeari ez diote zentzurik topatzen. Horren ordez aproposagoa ikusten dute padeleko kantxa hartuko duen eraikin hori gaur Azpilgoetako Kultur Etxean “baldintza txarretan” egiten diren dantza, aerobic, balet eta antzekoetarako egokitzea, edo eta, adibidez, muskulazio gela bat edo spinning egiteko gela bat jartzea, aldagela eta guztiduna.
• Mendaroko Udalak “egoera ekonomiko ona”
Jakin badakite Foru Aldundiak arautua duela ez duela finantzatuko kirol instalaziorik Mendaroren antzeko ezaugarriak dituen herri batean, beti ere frontoia dagoen kasuetan, baina nabarmendu dute Mendaroko Udalak “egoera ekonomiko ona” duela eta baduela halako inbertsio bat egiteko beste diru. “Orain egiteko asmoa dutenak ere ez du kostu txikia”, esan du Irune Berasaluzek.

EAJk onartu du kiroldegi bat ez dela bideragarria Mendaron, baina egitera doazenak baino erabilera handiagoa izango duen gunea egitea bai. Esan du proiektu horrekin tematu beharrean EHBilduk hobe lukeela herritarrei galdetzea, jakitzeko zeintzuk diren zehazki kirolzaleek dituzten beharrak.

Lotura duten albisteak: