Kirolerako eta aisialdirako gune berria sortuko du Mendaroko Udalak ospitale azpian

Barren.eus 2017ko mar. 16a, 21:07

Kirola egiteko eta aisialdirako gune berri bat izango du Mendarok 2018 bukaerarako. Hala iragarri du Udalak. Ospitale azpiko parke ingurua egokitu du horretarako [egurrezko parkea eta piramidea dauden ingurua] eta obrak 627.000 euroko aurrekontua izango du, BEZ barne. Horietatik 130.000 euro aurtengo aurrekontutik hartuko dituzte, eta gainerakoa altxortegi gerakinarekin finantzatuko dute.

Padelerako kantxa, kirola egiteko dozena bat makina, kirol anitzerako kantxa, skate-parke txikia eta haurrentzako txorrot-gunea eraiki asmo dituzte, besteak beste. Udalbatzaren Osoko Bilkurak onartu behar du proiektua ondorengo esleipen-tramiteak hasteko, baina Mendaron EHBilduk gehiengoa duenez, proiektuak badu argi berdea. Aurrez, baina, erakusketa publiko bat jarriko dute jubilatuen lokalean, obraren plano eta gainerako zehaztapenekin. Martxoaren 18tik apirilaren 18ra egongo da erakusketa zabalik (astelehenetan izan ezik); goizez, 10:00etatik 13:00etara, eta arratsaldez, 17:00etatik 21:00etara.

• A.C. Milanekin elkarlanean Ospas-Gain egokitzeko

Aspaldikoa da Mendaron kirolgune bat egiteko eskaera. Herriko hainbat lagun eta Udaleko hainbat ordezkari jardun dira  Ospas-Gaingo futbol-zelai zaharra egokitu eta futbol eskola sortzea aztertzen ere, Italiako A.C. Milan taldearen futbol eskolarekin elkarlanean, baina proiektu hori baztertu dutela jakinarazi du Sonia Garcia alkateak –Gatikan (Bizkaia) du Mendaron sortu asmo zutenaren pareko eskola: “Apustua beste bat da orain: kirola aire librean egiteko guneak lehenesten dira. Gipuzkoako Foru Aldundiaren irizpideak jarraitu ditugu. Diputazioak dio gaur egun dauzkagun baliabideak partekatu behar ditugula, bereziki bailaran, eta haien ustez, frontoi estaliarekin eta ikastolako patioarekin, Mendarok beteta du bere ezaugarridun herri bati dagokion kupoa”, esan du Soniak. Mendaron kiroldegia eraikitzeko eskaera ere jaso dute Udalean, baina alkateak garbi dio kiroldegia ez litzatekeela bideragarria, mantenu-gastuek izugarri handituko luketelako gastu publikoa. “Horrelako azpiegitura bat mantentzea ezinezkoa zaigu”.

• Bi gune, espazio berean

Hala, udaleko arkitektoari eskatu zioten ospitale azpiko gunerako proiektua idazteko, eta duela hamabost bat egun aurkeztu zien hark zinegotzi guztiei. Proiektuan bi gune bereizten dira, espazio berean: batetik, kirolerako gunea. Padel pista estaliak (olanazko estalkia izango du) eta estali gabeko kirol anitzerako kantxak hartuko dute hor espazio handiena. Haien tartean, jarriko dituzte kirola egiteko hamabi makinak, padelerako kantxaren estalkipean, babesean, baina aire librean. Albo batera eraikiko dituzte skate-parkea eta komun publikoa, eta iturria, beste aldera. Kirol gune horren albo batera aisialdirako gunea ere egokituko dute. Haurrentzako txorrotak jarriko dituzte, eta inguruan mahaiak eta aulkiak, ezinduentzako egokituak denak ere. 3.000 metro koadrotik gorako azalera izango du espazio horrek guztiak.

• Arrapala
Gune berria egokitzearekin batera, ospitalera arteko arrapala ere berrituko dute, eta obrak eskatzen dituen beste egokitzapen batzuk ere egingo dira, bereziki goiko partean. “Gaur, goiko parte horretako arrapalak %8ko malda dauka, eta irisgarritasun printzipioak betetzeko, gehienez, %6koa izan behar du, beraz tramo hori berritu eta onduko dugu. Era berean, gune berria Luzaide tabernarekin lotzeko bidea ere egin asmo dugu”. Obrak noiz hasiko diren zehazterik ez dago, esleipen prozesua bera ere ez delako hasi oraindik, baina 2018. urteko udarako bukatuta egon beharko luke proiektuak, alkateak aurreratu duenez.

kirolerakogunea mendaro fotomontajea 1

kirolerakogunea mendaro fotomontajea 2