Enpresa simulatuen nazioarteko azokan izan dira Meka Elgoibar institutuko ikasleak

Barren.eus 2016ko mar. 21a, 08:22

Bi urtean behin antolatzen den enpresa simulatuen nazioarteko 12. Azoka egin dute Bartzelonan, eta bertan izan dira Meka Elgoibar institutuko administraritza zikloetako ikasleak eta irakasleak euren proiektua aurkezten, Altzolako ur minerala saltzen duen Elgoibai S.A.S izeneko enpresa simulatua, hain zuzen ere.

Hainbat zerbitzu eta produktu, Altzolako ura, besteak beste, eskaintzen dituen enpresa sortu behar izan dute ikasleek Enpresa Simulatuen Nazioarteko Azokara aurkezteko. Azokan Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Katalunia, Espainia, Italia, Austria eta Belgikako 75 ikastetxek hartu dute parte.

Meka lanbide eskolako arduradunek balorazio "oso positiboa" egin dute. “Ezarritako  bi helburu nagusiak bete ditugu azokan. Batetik, ikasleek zuzenean ezagutu dute zer den azoka bat, marketin estrategiak garatu ahal izan dituzte eta baita negoziazio estrategiak praktikan jarri ere”. Kutxabank eta Alzola Basque Waterren laguntza ere eskertu dute.

2016 03 17 meka enpresa simulatua

•Pieza errela bat egin dute Mekako ikasleek

Enpresa simulatuak bakarrik ez, pieza errealak ere egiten dituzte Meka lanbide eskolako ikasleek euren heziketa prozesuan. Soldadura eta galdaragintza mintegiak eta karrozeria mintegiak POI (Proiektuetan Oinarritutako Irakaskuntza) metodologia erabiltzen dute ikasleen ekintzailetza eta autonomia bultzatzeko, eta egitasmo horren barruan, ikasturte honetan, enpresa batekin harremanetan jarri eta proiektu erreal bat garatzea erabaki zuten. Hala, soldadura orbitala burutzen duen makina baten egitura osatu behar zuten.

Makina hori gero merkaturatu egingo zela jakinda, departamendu desberdinek plangintza bat burutu zuten, merkaturatze epeak errespetatzeko. Ikasgai guztietako irakasleak ados jarri ondoren lanari ekin zioten. "Horrelako proiektu bat epean amaitzeak duen zailtasuna alde batera utzita, esperientzia oso positiboa izan da, pieza erreal bat egiteak ikasleen aparteko motibazioa piztu baitu, eta gainera, ardurapean lan egitea zer den ikasi dute", nabarmendu dute Mekako arduradunek.

2016 03 18 meka pieza

2016 03 18 meka pieza1