Honako hauek izan dira irabazleak:
- LH 3-4: Elgoibar Ikastola LH4- Hiri maketa
- LH5-6: Debako Luzaro HLHI LH6- Poliedroak
- DBH 1-4: Mutriku DBH3- Meategia
Antolatzaileen berbetan, aurten ere arrakasta "itzela" izan du Steam ekitaldiak eskualde osoan. Gaurko sari banaketa ekitaldian parte hartu dute Elgoibarko alkate Ane Beitiak eta Ideko zentro teknologikoko ordezkari Ibon Serranok -epaimahaikidea ere izan da-. Sari banaketa saioa, baina, Niala Magoak gidatu du, eta sariak banatzen zituzten bitartean, zientzia eta teknologiarekin lotutako magia ikuskizuna egin du Aita Agirreko harmailetan eserita zeuden ikasleen aurrean.
Debegesak eskerrak eman dizkie ekimenean parte hartu duten ikasleei, prozesuan zehar erakutsitako "gogo eta kemenagatik", eta epaimahaikideei ere eman dizkiete eskerrak, egindako lanagatik eta Steam arloak balioan ipintzen laguntzeagatik.
• Debabarrena We Make! STEAM Erronka
Eskualdeko ikastetxeek ikasturtean zehar Zientziaren eta Teknologiaren esparruan egindako proiektuak biltzen ditu 'We Make Debabarrena! STEAM' erronkak. Erronka honen helburua da ikasle eta zentroek steam bokazioak sustatzeko egiten duten esfortzua erakustea eta steam hezkuntza balioan jartzea.
Irabazlea aukeratzeko, aurten ere bi irizpide hartu dituztela kontuan argitu dute, eta horietako bakoitzak % 50eko pisua izan du sariaren azken puntuazioan. Alde batetik, sarean ipinitako bideoen ikustaldiak zenbatu ditzte eta bestetik, epaimahai batek hautatu ditu kategoria bakoitzean irabazleak irizpide konkretu batzuk kontuan hartuta.
Eskualdeko 11 ikastetxetan sortutako 27 esperimentu aurkeztu dituzte aurtengo ekitaldira, iaz baino bederatzi gehiago: Honako hauek dira proiektuak aurkeztu dituzten ikastetxeak: Debako Luzaro HLHI, Mutriku BHI, Elgoibar BHI, Elgoibarko Herri Eskola, Elgoibar Ikastola, Ermuko Anaitasuna Ikastola, Mutrikuko Goizeko Izarra Ikastola, Amaña LH, Arrateko Andra Mari, Samila Mutriku, eta La Salle Azitain eskola.