Askotariko 38 postu egon dira Elgoibarko Zientzia Azokaren bigarren ekitaldian: Elgoibarko ikastetxeetako ikasleen proiektuekin eta Bizilabe ekimenean parte hartzen duten haurren steam proiektuak erakusteko postuak, robotika ikastaroko ikasleen lanen postuak, stand profesionalak eta Lanbide heziketako ikastetxeen eta unibertsitateen postuak ere egongo dira azokan. Hauek izan dira aurtengo partaideak: Elgoibar BHI, Elgoibar Ikastola, Herri Eskola, IMH Campus, MEKA Lanbide Eskola, Bizilabe, Robotika dibertigarria, DanobatGroup, Berkoa eta Somabe.
Jende ugari ibili da Lekuederren ipinia zuten karpan eta inguruetan. Ikasleek euren steam proiektuen inguruko azalpenak eman dizkiete azokara gerturatu diren herritarrei, eta erakutsi ere bai, esperimentuen bidez, sortu dituzten robotak martxan jarriz, ... eta ikusmin handia piztu duen ur-suziri bat ere aireratu dute.
Azokak laga dituen zifrei erreparatuta, tailerretan 351 haur, nerabe eta gaztek hartu dute parte. STEAM proiektuen aurkezpenean 278 ikasle, irakasle, enpresetako langile, Lanbide Heziketako eta Unibertsitateko langile eta Makina Erreminta Museoko langile izan dira.
Ikusi eta ikasteaz gainera, parte hartu eta gauzak probatzeko aukera eman duen azoka izan da. Izan ere, umeek bizipen zientifiko zortzi tailerretan parte hartzeko aukera izan dute.
Elgoibarko Udalak eskola umeek zientziaren eta teknologiaren arloan lantzen dituzten proiektuak herriari erakusteko antolatu du Zientzia Azoka, eta baita ere, zientziarekin, teknologiarekin eta berrikuntzarekin lotutako balioak sustatzeko eta "kultura zientifikoa handitzeko".
Udalak azokaren bigarren edizioa “oso arrakastatsutzat” jo du, eta nabarmendu du herritarrengan “interes handia" piztu duela. Udalak egin duten lanagatik eta dedikazioagatik eskerrak eman dizkie parte-hartzaileei, babesleei, ikastetxeei, enpresei eta eragile guztiei.
- ARGAZKI-BILDUMA: Elgoibarko Zientzia Azoka (2023-05-20)