Elgoibar Ikastolako, Herri Eskolako, Arreiturre BH Institutuko, Mekako eta IMHko ikasleak hartu zuten parte osoko bilkura berezi honetan, eta zinegotziak eseri ohi diren aulkietan eseri ziren egun batez.
Ikasturtean zehar ikasleek hainbat lan egin dituzte aurtengo programaren gai nagusiarekin lotuta, energiarekin, alegia. Udalak eta ikastetxeek lankidetzan jardun dute programa honen garapenean, eta ikasleek egindako lanaren emaitzaren berri eman zieten agintariei, Ane Beitia alkateari eta Iosu Arraiz Hirigintza zinegotziari, hain zuzen ere.
- Elgoibar BHI ikastetxeko DBHko bigarren mailako ikasleek honako ekintzak gauzatu dituzte: Terracycle programari jarraipena eman diote, hondakinak (boligrafoak, typex...) jasoz; urmael bat sortu dute; Baratza proiektuari segida eman eta berritze lanak egin dituzte: sendabelarren txokoa, mahaiak...; ikastetxean energiari buruzko sentsibilizazio plana jarri dute abian; eta Zaporeak proiektuarentzako janari bilketarekin bat egin zuten. Proposatu dute kanpaina bat abian jartzea komunitate energetikoak sustatzeko; errekan poleak jartzea elektrizitatea sortzeko; eta kaleko faroletan led argiak jartzea sentsoreekin, eta beharrezkoak ez diren argiak kentzea.
- Elgoibarko Herri Eskolako 5. mailako ikasleek honako ekintzak burutu dituzte: Eko-ordezkariekin bilerak egin dituzte, ekintzak proposatu eta bozkatuz, eta informazioa eskolan zabalduz; energiaren inguruko kartelak jarri dituzte, txoko berdea antolatu dute, energiaren inguruko asmakizunak egin dituzte, argiteriaren diagnostikoa egin dute, energiaren proiektua garatu dute eta eskolako energia kontsumoaren inguruko diagnostikoa ere garatu dute. Proposatu dute Udalak herriko saltokiei, herritarrei eta enpresei laguntzak eskaintzea energia berriztagarriak jartzeko, argiteriaren mantentze lanak ugariago egitea, eta animali gautarrak babesteko jende gutxi dabilen lekuetan argiteria sentsoreekin jartzea.
- Elgoibarko Ikastolako DBHko lehen mailako ikasleek, berriz, Irakurzazu egunean, hilabeteko azkenengo ostiralean, energiari lotutako irakurgaiak irakurri dituzte; eta energia tailerretan parte hartu dute energia iturri berriztagarriak ezagutuz eta horiek erabiliz eurek egindako maketetan.
Proposatu dute Udalak ahal den tokietan eguzki panelak jartzea, kotxe elektrikoen postuetan kargadore gehiago jartzea, eta argiterian eguzki plakak jartzea.
Ikastetxe guztiek elkarlanean proposatu dute kalean bizikletak alokairuan jarri eta propaganda egiteko kartelak sortzea, ikastetxeekin elkarlanean.
Udal agintariek konpromisoa hartu dute ikastetxeen proposamen guztiak aztertu eta lankidetzan jarduteko
Aurreko urtean Elgoibarko ikasleek egindako ekarpenak ere izpide izan zituzten batzarrean. Zenbait ekarpen gauzatzeko bidean daudela azaldu zuten. "Urazandi eta herriko basoetan landare eta animalien izenak ezagutzeko kartelak jartzea, esaterako, edota herrigunean gune berde gehiago egotea, zakarrontzi egokiekin, baso bideak zaintzea eta jokabide egokiak bultzatzea. Baita Zuhaitz Egunean parte hartzea edota baratze guneak eskaintzea ere. Karkizaon egiten diharduten parkean egongo dira baratzak.
*Argazkiak: Elgoibarko Udala.