Maiatzaren 2an zabaldu zuten hurrengo ikasturterako matrikulazio aldia bi musika eskoletan.
Mendaron, Ameikutz Musika Eskolako ikasle izan direnek hilaren 15era arteko tartea izango dute izena emateko. Matrikula egiteko 30 euro ordaindu beharko dituzte (familia bereko hiru kide baino gehiagok izena ematen dutenen kasuan, 25 euro). Kuotak berriz, ondorengoak izango dira: musika tailerra (20 euro); musika hizkuntza + abesbatza (30 euro); musika hizkuntza + abesbatza + instrumentua (65 euro); musika hizkuntza + abesbatza + instrumentua + talde instrumentala (80 euro) eta helduen abesbatza: 20 euro.
Elgoibarren, maiatzaren 31 izango da azken eguna Inazio Bereziartua Musika eta Dantza Eskolan izena emateko. Aurten ikasle izan direnen matrikulazioa automatikoki egingo dute, aurten izena emanda egon den ikasgai guztietan. Hau da, ikasle batek ikasgai desberdinak egiten baditu, Tronpeta, Musika Hizkuntza eta Euskal Dantza adibidez, 2023-2024ikasturterako ere hiru ikasgaietarako hartuko da. Datorren ikasturtera begira aldaketaren bat egin nahi duenak, berriz, dela ikasgai batean baja eman, edota espezialitate berri batean apuntatu, abisua eman beharko du: emailez (elgoibarmusika@elgoibarmusika.eus), telefonoz (943 742 145 / 628 929 055) edota idazkaritzara gerturatuta edo irakasleari esanda. Kasu bereziak ere badaude, hala ere. LH2 bukatzen ari diren ikasleek, esate baterako, instrumentua aukeratu behar dute datorren ikasturterako, eta kasu horietan musika eskolakoak jarriko dira gurasoekin hartuemanetan.
Estreinakoz musika eskolan izena eman nahi duenak idazkaritzara jo beharko du 15:00etatik 21:00ak bitartean, matrikulazio orria betetzera. "Ikasle berrien kasuan, matrikulatzeko on-line ipinitako formulario bat prestatzea pentsatu genuen hasieran. Ondo aztertu ondoren, baina, uste dugu egokiagoa dela azalpen, duda eta aukera desberdinak zuzenean eta banaka argitzea", azaldu dute eskolako arduradunek. Nolanahi ere, emailez edo telefonoz ere egin daitezke galderak.