Egokitzapenen garrantziari buruzko hitzaldia antolatu du Dislegik, hilaren 20rako

Barren.eus 2023ko api. 5a, 09:02

Debabarreneko dislexia elkarteak antolatuta, egokitzapenen garrantziari buruzko hitzaldia emango du Iker Floresek apirilaren 20an, Elgoibarko Kultur Etxean.

Lehen Hezkuntzan diplomatua eta Psikopedagogian lizentziatua da Iker Flores Fernandez. Entzumen eta Lengoaian aditua, masterra ere badauka ikasketa zailtasunen alorrean eta irakaslea da Hezkuntza Premia Berezietan. Besteak beste, lege aldetik premia bereziko ikasleen egoeraz berba egingo du, eta hartzen diren neurriez eta hartu beharko liratekeenez ere bai.

Dislegik Elgoibarko Udalaren eta DanobatGroupen laguntzaz antolatu duen hitzaldia hezkuntza alorreko adituei zuzenduta dago. 17:00etan izango da.