Aldaketak iragarri zituzten ikasturte berrirako matrikulazio prozesurako, besteak beste, ikasle zaurgarrientzat leku batzuk gorde beharko dituztelako diru publikoa jasotzen duten ikastetxe guztiek. Orain, zerrendak argitaratuta, kezka sortu da eragileen artean. Hauxe da komunikabideei Ikastolatik bidalitako komunikatua:
"Matrikulazio prozesua dela eta egunotan egoera nahasia bizitzen ari gara. Ikastoletan eta familietan egonezin handia sortu du Hezkuntza Sailak asteartean argitaratu zituen nmatrikulazioko behin-behineko zerrendek. Bizitzen ari garen egoera gizarteratzeko premia ikusita, Elgoibar Ikastola honako komunikatua partekatu beharrean aurkitzen da.Urteetan ikastola hau osatzen duten partaideak gestio akademiko, pedagogiko eta ekonomiko ahalik eta onena egiten saiatu dira, eta lan horren ondorio dira urtez urte jasotako gure matrikula emaitzak. Gure lanaren emaitza hori ezin digute alde bateko erabakien ondorioz, besterik gabe, kendu. Argi utzi nahi dugu onarpen dekretuarekin eta onarpen dekretuaren atzean dagoen filosofiarekin bat egiten dugula. Bat egiten dugu ekitatearen alde eta segregazioren aurka egoera zaurgarrian dauden familiak era ekitatiboan banatzearekin. Hala ere, ez dugu inolaz ere bat egiten hori aurrera eramateko moduarekin, non, batetik, mugatu egin zaizkigun gure plazak hasiera batean adierazitakoekiko, itxaron zerrendan sei familia kokaturik eta hasieran eskainitakoekiko hiru plaza bete gabe geratuz, horien etorkizuna zein izango den argitu gabe. Era berean, prozesuan zehar bizitzen ari garen ezjakintasuna eta informazio ezak familiengan eta oro har guztion artean sortzen duten egoera salatu nahi dugu, ez baitira ezagutzen zaurgarritasun-indizearen nondik norako guztiak. Hori horrela, Hezkuntza Sailari irizpideen erabilpenean gardentasun handiagoa, ikastetxeari dagozkion plaza guztiak berehala bete ahal izatea eta ikastetxe guztiok matrikulaziorako baldintza berak izatea eskatzen diogu".