Elgoibarko institutuko hiru ikasle saritu dituzte Clinical Case Competition txapelketan

Barren.eus 2023ko mar. 21a, 16:37

Espainiako 41 hiri eta herritako batxilergoko 200 ikaslek hartu dute parte Nafarroako Unibertsitateak antolatzen duen Clinical Case Competition lehiaketan, eta bigarren postua eskuratu dute IES Elgoibar BHI ikastetxeko hiru ikaslek.

Txapelketa honen bederatzigarren ekitaldia antolatu du aurten egoitza nagusia Iruñean duen Nafarroako Unibertsitateak, eta lehiaketara aurkeztutako 58 taldeetatik hamar sailkatu ziren finalerako, tartean Ihintza Gonzalez Moreno elgoibartarrak eta Lucia Madina Arrillaga eta Janire Prieto Arribas debarrek osatutako 'Elgodebarrak' izeneko taldeak (goiko argazkian).

Martxoaren 11n jokatu zuten finala, Iruñean. Lehiakideei benetako kasu kliniko bat aurkezten zieten Nafarroako Unibertsitateko medikuntza ikasle ohiek osatutako epaimahaikideek, eta ikasleek gaixoen diagnostikoan asmatu eta tratamendu egokienak proposatu behar zituzten. Epaimahaiak Iruñeako San Cercin ikastetxeko hiru ikaslek (Marcela del Pozo, Miriam Campos eta Elena Zabal) osatutako taldeari eman zion lehen saria, biriketako minbizia garunean metastasi egin zaion paziente baten kasuaren diagnostikoan egin zuten lanagatik. Esan moduan, bigarren postua eskuratu zuen IES Elgoibar BHI ikastetxeko taldeak eta Almeriako SEK Alborán International School ikastetxeko taldea sailkatu zen hirugarren postuan.

Osasun zientzien arloko ikasketak hasi nahi dituzten edo hasteko zalantzan dauden batxilergoko ikasleei unibertsitatean bizi dezaketenaren pareko esperientzia bat eskaintzeko helburuarekin sortu zuten lehiaketa hau.

2023 03 21 clinical case competition 2023 irunea saribanaketa nafarroako unibertsitatea