Hiru lurraldeotako gazteok, zehazki, “The Young can be The Gentle Online and elsewhere” izeneko proiektuan ari dira parte hartzen, eta ziberjazarpena da lantzen diharduten gai nagusia. Ikasturte honetan hasi dira gaia aztertzen eta hurrengoan ere landuko dute.
Elgoibar Ikastolatik jakitera eman dutenez, urte askoan aritu dira ikasleen artean eleaniztasuna eta kulturartekotasuna sustatzen, eta horren adibide da hogei urtez Liverpooleko Litherland High School ikastetxearekin eduki duten elkartruke egitasmoa. Helburu eta asmo horiei segida eman nahian murgildu dira orain Erasmus+ egitasmoan.
Elgoibarko ikasleen ordezkaritza bat joan zen abenduan izan zen Martinikan. Karibe itsasoan (Antillas Txikietan) dagoen uhartea den arren, Frantziako itsasosteko departamendua da Martinika. Orain, berriz, Elgoibar Ikastolakoei dagokie anfitrioi lanak egitea, gaurtik martxoaren 25era bitartean Elgoibarren izango baitira bai Martinikatik etorritako ikasleak eta baita Turkiatik etorritakoak ere. Elgoibarko ikasleek hurrengo ikasturtean egingo dute Istanbulera egitea falta zaien bisita.
Martinikarrek eta turkiarrek euskal kulturan murgiltzeko aukera izango dute hemen egingo duten egonaldian. Askotariko ekintzak eta hemengo txokoak ezagutzeko irteerak prestatu dizkie Elgoibar Ikastolak, Udalaren laguntzaz. Turkiako ikasleak domekan ailegatu ziren et ongi-etorri beroa egin zieten elgoibartarrek. Martinikakoak gaur iritsiko dira.