Esperientziak trukatzeko bilgunea izan da Mekak antolatutako belaunaldien arteko topaketa

Barren.eus 2023ko mar. 15a, 12:32

Meka Lanbide Eskolak bere komunitatean parte izan diren sortzaile, ikasle ohi eta herritarrak gonbidatu zituen 'Elkartasun guneak' topaketan parte hartzera eta egungo ikasleekin esperientziak trukatzera; eta, esperientzia "aberasgarria" izan dela azaldu dute ikastetxeko arduradunek.

Meka Lanbide Eskolak Elkartasun Guneak topaketak antolatu ditu, belaunaldien arteko harremanak lantzeko, Udalarekin eta Jubilatuen Biltokiarekin elkarlanean. Komunitate horretan parte hartu duten eskolako sortzaile, ikasle ohi eta egungo ikasleek esperientziak trukatzeko foro bat izatea izan du helburu, belaunaldi batekoek bestekoei ekarpenak egiteko. Asmo horretan, hiru saio egin zituzten joan den astean, Meka Albitzurin eta Arregitorreko Meka Lanbide eskolan.
Mekako arduradunek gogora ekarri dute egun Meka moduan ezagutzen dugun lanbide eskolaren historia eta ibilbidea. Elgoibarko Udalak sortu zuen 1899. urtean, marrazketa akademia izateko. "Gero, industria arloko ikasketak ematen hasi ziren eta gaur egun bost familia desberdinetako ikasketak egin daitezke Mekan. Horregatik, ezin da ukatu, hainbat elgoibartarren eta Debabarrena eskualdeko bizilagunen bizitzako parte dela Meka, eta horietako batzuek hartu dute parte Elkartasun Guneak topaketan", azaldu dute. Ikasle ohiek eta herritarrek berrikuntza ugarirekin egin dutela topo nabarmendu dute, besteak beste, ikasketa prozesuan eman diren aldaketak edo egun erabiltzen dituzten materialak. "Belaunaldi desberdinetako lagunak teknologia eta industriaren garapenak lanbide bakoitzean ekarri dituen aldaketez aritu ginen berbetan", azaldu dute. Jubilatuen Biltokiko ordezkariak Albitzuriko eraikuntzara egin zuten bisita aurreko astean, eta Automozio eta Galdaragintza mintegiak antolatutako elkartasun gunean hartu zuten parte. Eskolako instalakuntzak bisitatu eta ibilgailuen diagnosian azken urteotan eman diren aldaketak ezagutu eta ikusi zituzten, eta bi herritarrek Albitzurira eraman zituzten auto zaharrak (goiko irudian) kanpotik eta barrutik sakon aztettzeko aukera ere izan zuten.
Era berean, Ezenarroko eraikuntzan egin zituzten topaketetan administraritza, gizarte eta kultur ekintzak eta osasun familiko ikasleekin aritu ziren esperientzien elkar trukean. Ikasteko metodologia berriak, zahartzaroaren simuladoreak, exoeskeletoen erabilera eta beste hainbat teknika desberdin ikusi eta probatzeko aukera izan zuten gonbidatuek.
Esperientzia "polita eta aberasgarria" izan dela adierazi dute Meta ikastetxetik eta eskerrak eman dizkiete parte hartu duten herritar guztiei. Dagoeneko hasiak direla hurrengo urteko topaketak prestatzen gaineratu dute.

2023 03 13 belaunaldien topaketa meka gelan2

2023 03 13 belaunaldien topaketa meka gelan

2023 03 13 belaunaldien topaketa meka 2

2023 03 13 belaunaldien topaketa meka b1

2023 03 13 belaunaldien topaketa meka ordenag

2023 03 13 belaunaldien topaketa meka 1

2023 03 13 belaunaldien topaketa meka

2023 03 13 belaunaldien topaketa meka azalpenak