Mankomunitateak eta Hezkuntza Esparruak elikagaien xahutzearen prebentziorako plana aurkeztu dute

Barren.eus 2023ko ots. 23a, 15:32

Joan den irailean hasitako diagnostiko faseko ondorioak aztertu ondoren, Debabarreneko Mankomunitateak eta Eibarko Hezkuntza Esparruak hamalau ekintza biltzen dituen plana aurkeztu dute gaur, elikagaiak alferrik galtzea saihesteko asmoz.

Mankomunitateko lehendakari Iosu Arraizek azaldu duenez, argi dute hondakinik onena sortzen ez dena dela, eta, ondoren, gaika birziklatzen dena. "Horregatik, 2022ko irailean lan-ildo berri bat ireki genuen elikagaiak alferrik galtzea saihesteko, eta proiektu pilotu hau jarri genuen abian Eibarko Hezkuntza Esparruarekin elkarlanean. Bertako hainbat kolektibok hartu dute parte eta prozesua oso aberasgarria izan da eskualdean elikagaiak alferrik galtzearen arazoa hobeto ulertzeko eta prebentziorako plan eraginkor bat sortzeko, ondoren Debabarreneko beste jantoki publiko eta pribatu batzuetan aplikatu ahal izango dena. Izan ere, proiektuak jarraipena izango du eta eremu horretan lanean jarraituko dugu jantokia duten beste erakunde batzuekin", esan du.

Planaren arabera, ikasturte honetan sentsibilizazio-ekintzak egingo dituzte eta kartelak jarriko dituzte Hezkuntza Esparruko jantokian eta egoitzan; sentsibilizazio-bideoa sortuko dute Hezkuntza Esparruaren barne-kanalen bidez emititzeko; sukaldariei prestakuntza emango zaie elikagaiak alferrik galtzeari, elikagaien segurtasunari eta soberan geratzen diren produktuen kudeaketari buruz; eta aurreikusitako otorduen eta emandako zerbitzuaren aurreikuspena hobeto kudeatzeko, helbide elektronikoko kontu bat sortuko dute, ikasleek jantokian bazkaldu edo afalduko duten edo ez aurrez jakinarazi dezaten. Bestalde, soberan geratzen diren elikagaiak kudeatzeko, Mankomunitateak eta Eibarko Hezkuntza Esparruak banaketa-zerbitzu bat jarriko dute martxan, eskualdeko hainbat gizarte-elkarteri eman dakizkiekeen elikagaiak bideratzeko.

 

 • 350,5 kg elikagai alferrik galduak astebetean
Hezkuntza Esparruaren jantokian irailean egin zen diagnostikoak astebete iraun zuen. 200 lagunek gosaldu, jan eta afaltzen dute bertan egunero eta, diagnostikoa egin zen astean, guztira 350,5 kg elikagai jangarri eta ez-jangarri galdu ziren alferrik (10.000 kg izango lirateke ikasturte osoan), horietatik % 49 sukaldean eta % 51 jantokian.

Ekimenaren sustatzaileen arabera, alferrik galtzen diren elikagai jangarri gehienak jangelakoak dira, janari asko botatzen delako plateren hondar gisa. Sukaldean sortzen diren elikagai-hondakin gehienak, aldiz, ez dira jangarriak.

Nabarmentzen dute sukaldean sortzen diren janari-soberakinen arrazoi nagusietako bat bazkalorduan eta afaltzeko zerbitzatutako zerbitzuen eta egindako aurreikuspenen arteko desfasea dela. Eta, bestetik, gehien alferrik galtzen diren elikagaiak ogia (gosarietan batez ere) eta entsalada hondarrak eta kozinatutako elikagaiak direla, batez ere bigarren platerrak.

 

∞Lotura duten albisteak: