Elgoibar Ikastolako arduradunek jakitera eman dutenez, energia berriztagarri mota desberdinak ezagutzeko aukera izan dute ikasleek, alderdi teorikotik lehenik eta praktikara eramanez ondoren, eta hainbat maketa eraikitzeko eta probatzeko aukera ere izan dute Eko Oiz elkartekoen eskutik. Energia berriztagarria iturri berriztagarrietatik sortzen den energia mota da, eta maketen, jostailuen eta kit berezien bidez ikusi dute eskola umeek eguzkiaren indarraz energia zelan sortzen den, besteak beste, eguzkiaren indarrarekin nola mugitzen diren objetuak, edota urarekin edo haizearekin nola lortzen den argia ikusi dute. Alegia, energia iturri naturalak erabiliz, argia, mugimendua edota beroa nola lortu aztertu dute. 250 bat ikaslek hartu dute parte saioetan.