Herri Eskolak eta IMHek elkarlanean garatu duten 'Burmuinak Martxan' proiektua izan da PROA+ jardunaldietarako hautatuetako bat

Barren.eus 2022ko aza. 23a, 17:56

Estatu espainiarreko erkidego guztietatik joandako 40 ikastetxee baino gehiagotako ordezkariak elkartu ziren, joan zen asteburuan, Santander hirian egin zuten PROA+ jardunaldietan.

 Ia 3.700 hezkuntza zentrotan darabilte PROA+ errefortzu programa, eta Euskal Autonomia Erkidegoko hiru ikastetxe hautatu zituzten orientazioa, aurrerapena eta hezkuntza aberastasuna ardatz dituen PROA+ programaren inguruko jardunaldietan parte hartzeko. Elgoibarko Herri Eskola, Toki Alai BHI eta Hirubide BHI, hain zuzen ere. Hiru zentroetako ordezkariek hartu zuten parte Kantabriako hezkuntza eta lanbide heziketa kontseilaritzak Espainiako hezkuntza ministerioarekin batera antolatu zituen PROA+ jardunaldietan,beste 40 zentrotako ordezkariekin batera. Santanderren egin zituzten jardunaldiok, azaroaren 17an eta 18an.

Elgoibarko Herri Eskolatik joan ziren ordezkariek azaldu dutenez, jardunaldian parte hartu zutenetariko batzuek entzule gisa joan ziren, eta beste batzuk emale. Eurek azken horretan aritu ziren, eta irakaskuntza palanketan emandako aurrerapausoak aurkeztu zituzten.
Adituek eman zituzten hitzaldiak entzun ostean, ikastetxeetan lantzen ari diren praktika onen tailerretan hartu zuten parte. Horietan Elgoibarko Herri Eskolako ordezkariek ikaskuntza zerbitzua, ikasketa kooperatiboa eta ebaluazio hezigarria oinarri duen Burmuinak Martxan proiektua aurkeztu zuten, IMH ikastetxearekin elkarlanean garatu duten egitasmoa.
Herri Eskolatik joandako ordezkarien hitzetan esperientzia aberasgarria izan da proiektua bera gauzatzea eta jardunaldietan parte hartzeko aukera izatea, eta partaide guztiak zoriondu dituzte, "Herri Eskolako ekarpenak eta Santanderren eginiko aurkezpenak harrera oso ona izan duelako".