Gazteen artean zientzia eta teknologiarekiko interesa eta motibazioa sustatzea eta ZTIAM (Zientzia, Teknologia, Ingeriaritza, Artea eta Matematikak) arloko lanbideek dituzten balioak ezagutaraztea izan da topaketaren helburua, antolatzaileen esanetan. Elhuyar Fundazioaren eta Elgoibarko Udalaren ekimena izan da topaketa hau.
Elgoibarko Lehen Hezkuntzako (10-12 urte) eta Bigarren Hezkuntzako (12-14 urte) 30 gaztek eta Elgoibarko hainbat enpresa eta erakundetako profesionalek parte hartu zuten: UPV/EHU, Bronymec, Somabe, IMH Campus, Codesintax, Gaindu, Alcorta Forging Group eta Etxetar.
Miren Agirre, Amaia De Castro, Amaia Kaltzakorta, Ana Carolina Lodeiro, Alaitz Bastida, Nagore Ruiz de Escudero, Ane Garmendia, Ane Erkiaga eta Amaia Gabilondo izan ziren Bizilabeko gazteekin batu ziren ZTIAM arloko emakume beharginak.
Elgoibarko Emakumeen Etxean (Lila) egin zuten topaketa, joan den barikuan, azaroaren 11n. Proiektu zientifikoei buruzko iradokizunak eta aholkuak partekatu zituzten profesionalek eta gazteek, ordu eta erdiz.
Bizilabe tailerretan zientzia eta teknologiako jarduerak egiten dituzte 10-14 urte bitarteko neska-mutilek. Joan den urrian hasi zuten Elgoibarren laugarren ikasturtea Elhuyarrek Elgoibarko Udalarekin batera martxan jarritako Bizilabe zentroan. 2023ko maiatzera bitartean STEAM arloko hezitzaile baten gidaritzapean arituko dira lanean. Lehenengo hiruhilekoan, denetariko zientzia- eta teknologia-jarduerak egingo dituzte, diziplina desberdinak ezagut ditzaten. Urtarriletik aurrera, berriz, proiektuak garatuko dituzte taldeka.
Ohiko eskaintzaz gain, urtean zehar zenbait ekimen ere egingo dituzte: Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren ingurukoak, ikertzaile profesionalen bisitak, inguruko profesionalak ezagutzearekin batera, enpresa eta ikerketa-zentroetara bisitak eta ikasturte-amaierako erakustaldia, besteak beste. Astelehen eta ostegunetan izaten dira saioak eta oraindik ere eman daiteke izena (hemen)