Abian da Zuberoako ikastolen aldeko saski salmenta

Barren.eus 2022ko aza. 9a, 16:49

Pettarra, Arbaila eta Basabürüa saskiak jarri dituzte salgai Zuberoako ikastolen aldeko Eguberrietako saski salmenta kanpainan, eta urtero moduan, Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak Zuberoko ikastolei laguntzeko aukera eskaini nahi die elgoibartarrei.

2003tik, Zuberoako ikastolek Eguberrietarako otarrak prestatzen dituzte bertako ekoizpenekin. Eskaintza honen bidez, Zuberoako ikastolak laguntzeko eta bertako jakiak eta ekoizleak sustatzeko helburua dute antolatzaileek. 

Ipar Euskal Herrian euskara ez da ofiziala, "euskara hizkuntza guttiagotua da gure lurraldean", diote ekimenaren sustatzaileek, eta azaldu dutenez, euskararen etxeko transmisioa Zuberoan eteten ari den heinean, "Ikastolek dute euskararen transmisioa bermatzen". Zuberoan Ikastolak garatzen eta indartzen jarraitzeko Euskal Herri osoko elkartasuna ezinbestekoa zaiela adierazi dute. Iaz, adibidez, 2.200 saski saldu zituzten.

‘Ikaskoli’ izeneko saski salmenta kanpaina berriki abiatu dute, eta Elgoibarren azaroaren 25a izango da eskariak egiteko azken eguna. Interesatuek elgoibarkoizarra@elgoibarkoizarra.eus helbidera idatzi edo 943 741 626 telefonora deitu dezakete.

Hiru saski egongo dira aukeran:

  • Pettarra 51€ : Ahate gibel berrosatua, eztia, ardi gazta kiloa, bixkotx gatzatuak eta pastak
  • Arbaila 57€ : Eztia, bixkotx artisanalak, kilo erdiko bi gazta zati, bixkotx gazituak, erreximenta, tisanak eta pastak.
  • Basabürüa 68€ : Xerri patea, bixkotx artisanalak, ardi gazna kiloa, xahalki axoa, lukainka idorra, eta pastak.

Informazio gehiago: https://ikaskoli.eus/

 

2022 11 09 Xiberoko otarrak 2022 elgoibar izarra kartela