• Has gaitezen hasieratik. Zer da integrazioa?
Hemen bizitzea eta gizartearekin harreman positiboak izatea; hau da, egokitzen zaizkigun espazioetan parte hartzea. Baina, jakina, atari bereko bizilagunekin harreman positiboa izateko, lehenengo eta behin, etxebizitza bat behar da bizitzeko, eta etorkinek eta pertsona arrazializatuek sekulako arazoak dituzte alokairuan etxebizitza bat hartzeko. Edo etorkinek eramaten badituzte eskolara seme-alabak eta ikusten badute eskola horretan gainerako ikaskide gehienak ere atzerritarren seme-alabak direla edota ez badira sentitzen eskolako parte, hor ez dago integraziorik. Garbi izan behar dugu dena ez dagoela etorkinen esku, integrazioa bi norabideko prozesua delako, eta gutxieneko oinarri batzuk behar dituztela, integratu ahal izateko. Bada beste kontu bat ere. Integrazioa da aurrez esandako hori egin ahal izatea, norbere identitateari eta ezaugarriei uko egin beharrik gabe. Izan ere, askotan integrazioa eskatzen dugula esaten dugu, baina egiaz beste zerbait eskatzen ari gara: asimilazioa. Hau da, gizarte hegemonikoaren jarrerak, balioak eta ohiturak har ditzatela eskatzen ari gatzaizkie. Nik azpimarratu nahi nuke etorkinak integratzen direla, erraza ez duten arren.
• Badugu halako joera bat txar guztiak migranteekin lotzekoa. Ez dute euskara ikasten, ez dute nahi... Behar beste egiten dugu guk esaterako euskara ikasten motibatzeko?
Egia da, bai, oso gutxi direla euskara ikasi duten edo ikasten ari diren etorkin helduak eta horrek euskaldunen artean kezka sortzen duela. Eta egia da, era berean, hizkuntzaren ezagutza izateak ez duela integrazioa bermatzen, baina argi dago ez dagoela integrazio osorik bertako gizartearen hizkuntza jakin ezean. Kontua da gure gizartearen egoera soziolinguistikoa ere berezia dela. Euskal Herriko zati honetan bi hizkuntza dauzkagu eta euskara hizkuntza gutxitua da. Ez dago ia euskaldun elebakarrik eta ez dago euskara jakin beharrik bizitzeko, are gutxiago etorkinek okupatzen dituzten lanetan. Iristen direnen kopuru handi bat, gainera, Hego Amerikakoak dira eta horiek gaztelaniaz badakite. Gaztelaniaz ez dakitenek somatuko dute gaztelania ikasteko beharra, eta ingurune batzuetan euskara ikasteko premia ere bai, baina aukerarik argiena beti izango da gaztelania, bi hizkuntza ikastea lana delako, bai eta gastua ere. Eta gehitu horri, etorkin askok oinarrizko arazoak dituztela -etxebizitza lortzeko zailtasunak, paperak lortzeko trabak, lanik ez...- eta beraz ez dutela astirik hemengo egoera soziolinguistikoari arreta jartzeko. Beraz, arazo nagusia, hemen, euskara normalizatu gabe dagoela da eta horrek ondorioak dauzkala. Puntu honetara iritsita, komeni da azpimarratzea baita ere askotan etorkinei eskatzen diegula autoktono askori eskatzen ez dieguna. Beraz, bistakoa da immigrazioak arazo berriak sortu beharrean, lehendik ere bageneuzkanak jartzen dizkigula bistan. Zorionez, dena den, etorkin ia guztien seme-alabak D ereduan daude eskolatuta.
• Zergatik eskatzen diegu etorri berriei hemen bertako askori eskatzeko gai ez garena?
Badago halako mesfidantza bat etorri berriekiko. Euskararen biziraupenerako mehatxu gisa ikusten ditu euskaldun askok. Eta bistan da haiek eta haien seme-alabak euskarara ekartzea funtsezkoa dela euskararen geroa ziurtatzeko. Garrantzitsua da onartzea etorkin heldu gehienek ez dutela ikasiko euskara oinarrizko beste lehentasun batzuk dituztelako, baina txalotu behar dugu haiek euskararekiko duten jarrera positiboa, jarrera horiek seme-alabei transmititu diezaieten. Etorkinen seme-alabek maite behar dute euskara, euskara delako eskolako hizkuntza eta euskaldunak izango direlako. Hori gurasoei azaldu behar zaie. Eta etorkinei eskatzen diegun hori bera eskatu behar diegu autoktono erdaldunei: jarrera positiboak izan ditzatela. Etorri direnak erakarri behar ditugu, liluratu behar ditugu, eta baliabide guztiak eman behar dizkiegu, hizkuntzaren ikasketa-prozesu hori errazteko. Hizkuntza ikasteak giza talde bateko parte egiten gaituela ulertarazi behar diegu eta euskara ikasi gabe Euskal Herriko kultura aberastasunaren zati handi bat galduko dutela.
• Euskara hizkuntza gutxitua izan arren, badu estatus bat hemen, kanpotik datozenen hizkuntza askok ez dutena. Eta halakotan beti dago arriskua zapaldua zapaltzaile bihurtzekoa. Zer eta nola egin beharko genuke halakorik ez gertatzeko?
Latinoamerikatik etorri ez diren guztien hizkuntzak dira hemen hizkuntza gutxituak, eta beraz, desabantailan daude. Gure kasuan, euskara normalizazio prozesu batean dagoen hizkuntza da, baina D ereduko eskoletan hegemonikoa da eta horren kontzientzia hartu behar dugu. Ez dugu ahaztu behar irakasleek edo begiraleek haur batzuen hizkuntza ez ezagutzeak esan nahi duela ez dutela jakingo ume horrek zer nolako zailtasunak izango dituen gure hizkuntza ikasteko prozesuan. Eta jakina, ezin diogu eskatu irakasleari hizkuntza guztiak ikasteko, baina bai gutxieneko keinu batzuk egiteko eta beste hizkuntza gutxitu horiek prestigiatzeko eskolan. Adibidez, komeni da irakasleek ume horien etxeko hizkuntza estimatzea, haien izenak ondo ahoskatzea, gutxieneko hitz batzuk jakitea, eskolako horman hizkuntza aniztasun hori agertzea, eskolako egunean hizkuntza horietako kantuak jartzea eta batez ere gurasoei transmititzea etxeko hizkuntza transmititu behar dietela seme-alabei, aberastasuna delako eta etxeko hizkuntza ondo menperatzea oinarria delako beste hizkuntzak ikasteko. Ume horiek baliabide izugarriak izango dira komunitatearentzat, zubi-lana egingo dutelako.
• Gertatzen da askotan etorkinen seme-alabak ez ditugula nahi izaten gure eskoletan. Baliabide eta prestakuntza nahikorik badute eskoletan?
Etorkinak jaso dituzten eskolek sentitu dute ez dutela behar beste baliabide, eta nik garbi daukat egoera zaurgarrian dauden ikasleak eta etorkinak jasotzen dituzten eskolek behar dituztela baliabide gehiago, heterogeneotasunak lan gehiago ematen duelako. Kontuan izan ikasle horiek eskolatu daitezkeela ikasturtea hasita dagoenean, iritsi daitezkeela eskolako hizkuntza bat edo biak jakin gabe, askotariko zailtasunekin… Eta horri guztiari erantzuteak eskatzen du esfortzu handiagoa eta denbora gehiago. Eskola batzuetan ikasleen gehiengo handi batek jasotzen du jantokirako beka adibidez, eta haien gurasoek ez dakite eskaera paperak betetzen. Pentsa eskola horietako zuzendaritzek zenbat ordu eskaini behar dizkioten familia horiei, eta egin kontu zuzendaritza guztiek ordu kopuru bera dutela beren egitekotarako. Kontuan izan, gainera, askotan kanal tradizionalen bidez ezin dela guraso horiengana iritsi. Orain arte, hezkuntza administrazioa itsua izan da eta ez du ulertu nahi izan hori, eta jakina, baliabideak falta direnean ulergarria da irakasle batzuek esatea 'nik nahiago dut testuinguru lasaiago batean lan egitea'. Eta gero badaude testuinguru batzuk baliabide guztiak emanda ere, konpon ezin daitezkeenak. Iristen badira bederatzi ikasle berri ikasturtea hasita dagoela, zer egin behar du irakasleak? Aldrebeskeria ugari ikusi ditugu.