'We Make Debabarrena!' erronkak baditu irabazleak

Barren.eus 2022ko eka. 8a, 16:49

Eskualdeko ikastetxeetan ikasturtean zehar zientziaren eta teknologiaren esparruan egindako 18 esperimentuk hartu dute parte aurtengo We Make Debabarrena! STEAM Erronkan, eta eman dituzte ezagutzera irabazleak.

Erronkan parte hartzeko jaso zituzten 18 esperimentuen balorazioak eta ikustaldi kopuruak kontuan hartu ondoren, Mutrikuko, Debako eta Eibarko ikastetxeetako ikasleek irabazi dute aurtengo erronka. Honako hauek izan dira irabazleak, eta estekan klik eginda aurkeztu duten esperimentuaren bideoa:

Antolatzaileek azaldu dutenez, "arrakasta itzela izan du STEAM ekitaldiak eskualde osoan". Joan den barikuan, ekainaren 3an, egin zuten sari banaketa ekitaldia Ermuko Izarra Centren. Bertan egon ziren erronkan parte hartu duten ikastetxeetako ordezkariak eta hainbat ikasle. Sariak banatzeaz, berriz, Ermuko alkate Juan Carlos Abascal, Debako alkate eta Debegesako presidentea den Gilen Garcia eta Nagore Ruiz de Escudero ingeniari elgoibartarra, epaimahaikideen ordezkari moduan, arduratu ziren. Ekitaldia Eleder Magoak gidatu zuen eta sariak banatzen ziren bitartean zientzia eta teknologiarekin lotutako magia trukoak egin zituen.

Debegesak eskerrak eman dizkie ekimenean parte hartu duten ikasleei, prozesuan zehar erakutsitako "gogo eta kemenagatik" eta baita epaimahaikideei ere, "beren lanagatik eta STEAM arloak balioan ipintzen laguntzeagatik".

Debegesatik azaldu dute esskualdeko ikastetxeek ikasturtean zehar zientziaren eta teknologiaren esparruan egindako proiektuak biltzen dituela We Make Debabarrena! STEAM erronkak. "Erronka honen helburua da ikasle eta zentroek STEAM bokazioak sustatzeko egiten duten esfortzua erakustea eta STEAM hezkuntza balioan jartzea", adierazi dute.

Aurten, bi irizpide erabili dituzte irabazlea aukeratzeko, eta horietako bakoitzak % 50eko pisua izan du sariaren azken puntuazioan. Alde batetik, esperimentuen berri ematen zuten bideoen ikustaldiak kontabilizatu dituzte eta bestetik, epaimahai batek hautatu ditu kategoria bakoitzean irabazleak irizpide konkretu batzuk kontuan hartuta. BPTDrekin (Basque  Precision Technology District) lotutako sei erakunde eta enpresatako pertsonek osatu dute epaimahaia.

Guztira 18 esperimentu aurkeztu dituzte aurtengoan, eskualdeko zortzi ikastetxeetan garatu dituztenak: Debako Luzaro HLHI, Mutriku BHI, Elgoibar BHI, Elgoibarko Herri Eskola, Elgoibar Ikastola, Ermuko Anaitasuna Ikastola, Mutrikuko Goizeko Izarra Ikastola eta Eibarko La Salle Azitain eskola.