Maiatzaren 27ra arte egongo da aukera We Make Debabarrena! erronkako proiektuei botoa emateko

Barren.eus 2022ko mai. 23a, 12:52

Eskualdeko ikastetxeetan ikasturtean zehar zientziaren eta teknologiaren esparruan egindako proiektuak biltzen ditu We Make Debabarrena! STEAM erronkak. Guztira hamazortzi esperimentu daude ikusgai bideoetan, eskualdeko zortzi ikastetxeetan egin dituztenak, -tartean Elgoibarkoak-, eta horien aldeko botoa emateko aukera dago.

Erronka honen helburua da ikasle eta zentroek STEAM bokazioak sustatzeko egiten duten esfortzua erakustea, eta "STEAM hezkuntzan balioan jartzea". STEAM ingelesetik bere horretan hizkuntza askotara mailegatu den akronimoa da. Zientziak (Science), teknologia (Technology), ingeniaritza (Engineering), artea (Arts), eta matematika (Maths) hitzak labur biltzen ditu akronimo honek. Maiatzaren 27ra egongo da zabalik We Make Debabarrena! STEAM erronka.

Aurten, bi irizpide erabiliko dituzte irabazlea aukeratzeko, eta horietako bakoitzak % 50eko pisua izango du saria emateko kontuan izango duten azken puntuazioan. Alde batetik, bideoen ikustaldiak zenbatuko dituzte, eta bestetik, epaimahai batek hautatuko ditu kategoria bakoitzean irabazleak "irizpide konkretu batzuk kontuan hartuta". BPTDrekin (Basque Precision Technology District) lotutako sei erakunde eta enpresatako ordezkariek osatzen dute aipaturiko epaimahaia.

Guztira hamazortzi esperimentu daude ikusgai, eskualdeko zortzi ikastetxeetan egin dirtuztenak: Debako Luzaro HLHI, Mutriku BHI, Elgoibar BHI, Elgoibarko Herri Eskola, Elgoibar Ikastola, Ermuko Anaitasuna Ikastola, Mutrikuko Goizeko Izarra Ikastola eta Eibarko La Salle Azitain eskola.
Hiru kategoriatan sailkatu dute erronka, LH3-4, LH5-6 eta DBH1-4. Bideoak honako estekan ikusi daitezke: www.bptdmakers.eus/steam-erronka

Ekainaren 27an arratsaldeko 16:30ak arte hartuko dituzte kontuan ikustaldiak eta orduan, epaimahaiaren balorazioarekin bateratuko dute, eta irabazleak aukeratu. Maila-tarte bakoitzeko talde-irabazleak bi sari izango ditu aukeran: Euskal Kostaldeko Geoparkearen bisita gidatuaren eskaintzetako irteera bat aukeran edo 500 euroko erosketa-bonoa eskualdeko elektronika denda batean STEAM eskolako materiala erosteko (biak dira talde osoarentzat).

 • BPTD Makers proiektua
Eustaten arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, lau urtean, % 17 ikasle gutxiago matrikulatu dira STEAM ikasketetan. Lanbide Heziketatik eta unibertsitatetik irtendako ikasleen % 39 dira, hain zuzen, alor horietan titulatutakoak. Errealitate hori are nabarmenagoa da emakumeen kasuan: STEAM adarrak aukeratzen dituzten ikasle neskak sartu berrien % 9 baino ez dira Lanbide Heziketan, eta unibertsitatean, % 31.
Gazteak eta batez ere neskak STEAM bokazioatara erakatzeko gero eta ekimen gehiago jarri dituzte abian, bai eskola-eremuan, bai handik kanpo. Horren adibide da Debegesa, Garapen Agentziak orain dela pare bat urte abian jarri zuen BPTD Makers proiektua. Horren helburua da eskualdean teknologia eta zientzia arloan egiten diren jardueran eskualde mailan ezagutu eta ikustaraztea. Gainera, ikastetxeak ere beraien eguneroko jardueran gero eta ekintza gehiago egiten dituzte alor honi lotutakoak.