Haur Hezkuntzako ikasleetatik hasi eta Batxilergora artekoentzako ekintzak izango dira Zientzia Azokan

Barren.eus 2022ko mai. 20a, 12:56

Elgoibarko Zientzia Azoka egingo dute bihar (maiatzak 21), Lekuederren. 38 postuz gain, bederatzi bizipen zientifiko bizitzeko aukera izango da azokan.

Lekuederren egingo dute Elgoibarko Zientzia Azoka, 11:00etatik 14:00etara. Guztira 38 postu jarriko dituzte Elgoibarko ikastetxeetako ikasleen proiektuekin, Bizilabe ekimenean parte hartzen duten haurren lanekin, Robotika ikastaroko ikasleen lanekin, stand profesionalekin eta Lanbide Heziketako ikastetxeen eta unibertsitateen erakuslekuekin. Elgoibarko umeek zientziaren eta teknologiaren arloan lantzen dituzten proiektuak herriari erakustea eta zientziarekin, teknologiarekin eta berrikuntzarekin lotutako balioak sustatzea eta gizartearen kultura zientifikoa handitzea dira egitasmo honen helburuak, eta horretarako loturak sortu nahi dituzte.

Postuez gain, bederatzi txoko ere izango dira, eta Dinosaurioenean ez beste guztietan hiru saio izango dira aukeran, honako ordutegian: 11:00-12:00 / 12:00-13:00 / 13:00-14:00. Taldeak mugatuak izango dira. Mapan zehaztutako ordenean, hemen txokoak:

  1. Txikitxokoa: Lau gune egongo dira uraren grabitatearekin, imanekin, penduluen mugimenduarekin, material ezberdinen ezaugarriekin eta arroken eta mineralen propietateekin esperimentatzeko. HH3tik HH5erakoentzat.
  2. Makina errazak. Oinarrizko robotikan hasi nahi dutenentzat. Mekanismo eta makina errazak eraikitzeko txokoa Lego Technic eta BricQ Motion materialak erabilita. HH5eko ikasleentzat.
  3. Robotikarako sarrera. Lego Spike Prime plataforma erabilita, robotikako esku desberdinak muntatzeko eta programatzeko lekua. LH1-LH2koentzat.
  4. Programazioaren oinarrizko ezagutzak. Halocode plaka elektronikoa eta zenbait sentsore erabilita, LEDak eta soinuak programatzeko, blokeen araberako lanabesez baliatuta. LH3-LH4koentzat.
  5. Materialen arteko erreakzioak ikusteko txokoa. LH5 eta LH6koentzat.
  6. NFC teknologia. Eskuko telefonoarekin ordainketak egitean NDF teknologia erabiltzen dugu, eta teknologia horretan oinarrituta arazo bat konpontzeko produktu bat diseinatzea proposatuko dute txoko honetan. DBH1 eta DBH2koentzat.
  7. Txinpartak ateratzeko esperimentuak. Suarekin, beroarekin, errekuntzarekin edota fluidoekin esperimentuak egiteko txokoa. Ingeniari espezializatu baten laguntza izango dute. DBH3, DBH4 eta Batxi 1koentzat.
  8. Dinosauroen etorreraren ihes gela. Gazteek hainbat zientzia-esperimentu egin beharko dituzte jolasaren bukaerara iritsi eta kutxan dagoen sekretua argitzeko. LH3-LH6koentzat.
  9. Photocall-a. Instagramen edo Twitterren #elgoibarzientzia traola erabilita mezua igotzen dutenen artean 100 euroko saria zozkatuko dute, bonotan.

2022 05 20 Zientzia azoka planoa elgoibar lekueder

2022 05 20 zientzia azoka karpa elgoibar