Neska edo mutila izatea barne sentipen intimoekin lotua dagoela nabarmendu du Naizen elkarteko Bea Severrek eta ez genitalekin

Barren.eus 2022ko mai. 19a, 12:10

Haur eta gazte transexualei eta haien familiei bidea errazagoa egiteko ahaleginean ari dira Naizen elkartean eta asteartean Mendaron izan zen bertako koordinatzaile Bea Sever Egaña (Londres, 1973), Arno Guraso Elkarteak gonbidatuta.

Sexologiaren ikuspuntutik marko orokorra zein den azaldu zuen Naizen elkarteko Bea Severrek, neska edo mutila izatea autopertzepzioarekin eta barne sentipen intimoekin dagoela lotua, eta beraz, ez dagoela genitalei lotua. Alegia, identitate sexualak ez duela zertan bat etorri jaiotzen garenean gure genitalen arabera esleitu zaigun sexuarekin, edo esleitu zaigun sexuaren arabera, gizarteak gugandik espero duenarekin.

2022 05 19 hitzaldia mendaro arno transexualitatea 1

Oker ulertu diren gauza asko daude transexualitatearen inguruan eta ezjakintasun horixe da hain justu ere haur eta nerabe transexualentzat etsairik handiena. Beraz, Severren arabera ondokoa zer den jakitzeko bide zuzenena, beste kontu askotan bezala, galdetzea da, berari galdetzea. Martitzeneko hitzaldian 30 lagun elkartu ziren guztira, eta Bea Severrekin batera, Begoña Rey eta Ainara Garcia amek -mendaroarra azken hau- ere parte hartu zuten. Euren bizipenak kontatu zituzten Reyk eta Garciak.

Hitzaldia Mikele Grande gazte transexual nafarraren testigantzarekin bukatu zuten.