Dagoeneko sortuta eta eitb.eus/goazen webgunean argitaratuta dagoen musika baten gainean letra bat sortzea da "Go!azen" telesailekoek Euskal Herriko eskola, ikastetxe, ikastola eta bertso-eskola guztiei proposatu dietena. Sortutako letra hori goazen@eitb.eus helbidera e-posta bidez bidali beharko dute, maiatzaren 2a baino lehen. Ondoren, jasotako letra guztiekin, udako abestiaren letra definitiboa osatuko dute EITB Mediak eta Pausokak, puzzle bat bailitzan. Modu horretara guztien artean sortutako abestia lortuko dute. 2022ko uztailean estreinatuko dute udako abestia.
Horrez gainera, ikastetxeei eurek egindako lana ikusgai jartzeko aukera emango die EITB Mediak. Horretarako, nahi duten ikastetxeek, bideo bat grabatu dezakete eurek sortutako letra daraman abestia kantatuz eta eitb.eus-era igo. Igotako bideoak EITBren euskarrietan erakutsi ahal izango dira.
Elgoibar Ikastolako Lehen Hezkuntzako 5. mailako hiru gelek parte hartu dute ekimenean, eta Joana Rodriguez irakaslearen gidaritzapean nola egin duten jaso dute eitb-ko kamerek, gainerako ikastetxeentzako eredu izango den iragarki modukoa sortzeko. Euskal Telebistako eta Go!azen telesailaren sare sozialetan zabaldu dute Elgoibar Ikastolakoek nola egin duten letra sortzeko lanketa. Ikus HEMEN: