Gazteen artean zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa eta motibazioa garatzeko dirulaguntza eman dio Udalak Elhuyarri

Barren.eus 2022ko mar. 25a, 09:20

Bizilabe ikerketa zentroarekin lotutako jarduerak diruz-laguntzeko hitzarmena berritu du Elgoibarko Udalak Elhuyarrekin.

Hala, 2022. urterako 35.000 euroko laguntza emango dio Udalak Elhuyarri, 10 eta 16 urte arteko gazteen artean, zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa eta motibazioa garatzeko, eta bidenabar, ekintzailetasuna eta sormena bultzatzeko. Bizilabe ikerketa zentroaren bitartez egingo dute. Gazteei tailerretan parte hartu eta proiektuak garatzeko aukera eskaintzen diete gune fisiko batean (Makina-Erremintaren Museoan) profesionalen, mentoreen eta irakasleen laguntzarekin, gazteek dituzten "gaitasunak garatzeko eta jabekuntzan aurrera egiteko".

Elgoibar ehun industrial aberatseko herria dela gogora ekarri dute Udaletik, eta sektore horrek herriaren "ongizate ekonomiko zein sozialean" duen pisua handia dela nabarmendu. "Gaur egun, tokiko enpresa askok teknologiarekin lotutako proiektuak bultzatzen dituzte; eta, horretarako, teknikaren eta teknologiaren esparruetan kualifikazio handia duten pertsonak behar dituzte. Eta hain zuzen premia horren berri izanda, Sustapen Ekonomikoko Sailaren bitartez, udalerriko gazteekin lan egitearen aldeko apustua egin du Udalak beste urte batez, gazteengan horienganako interesa piztu eta etorkizunean, lan merkatuan sartzeko aukera handiagoa eta enplegagarritasun handiagoa izan dezaten", azaldu dute.
Eta hori lortze aldera, Elhuyarrek kudeatzen duen Bizilabe programa dela bide "zuzen eta egokiena" azaldu dute. Horrenbestez, programari 2022an jarraipena emateko lankidetza hitzarmena sinatu berri dute Elhuyarrekin.

2022 03 24 hitzarmena elgoibar udala elhuyar bizilabe

Hitzarmenaren bitartez, Elgoibarko Udalak 35.000 euroko laguntza emango dio Fundazioari, esan bezala, gazteengan zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa eta grina pizteko. Horretarako, hainbat ekintza egingo dituzte aurten, besteak beste:

  • Ikasturteko programa: “Izan ikertzaile asmatzaile”.
  • Demo saioak.
  • Udalerriko enpresetarako bisitak.
  • Komunitateko ekintzak.
  • Elgoibarko emakume zientzialarien (mentoreak) sarea.
  • Neska-mutilen artean eragin positiboa izatea, jabetzeko eta haien gaitasunak garatzeko aukerak emateko.

Joan zen urteko ekainean, Bizilabe 2020-2021 ikasturte amaierako ekitaldia egin zuten Aita Agirren. Bertan, gazteek ikasturtean landutako proiektuak erakutsi zizkieten guraso eta lagunei, eta baita Udaleko eta Danobatgroup-eko ordezkariei ere (beheko argazkian).

Bizilabe Elgoibar egitasmoari buruzko informazio osoa hemen: https://bizilabe.elhuyar.eus

2022 03 24 bizilabe elgoibar elhuyar kurtsobukaera