Abian azoka Debabarreneko zortzi udalek, Debegesa eskualdeko Garapen Agentziak eta eskualdeko Lanbide Heziketako ikastetxeek antolatzen dute (Armeria Eskola, IMH, Meka Lanbide Eskola, Uni Eibar-Ermua, Kardala Akuakultura Eskola, Mutrikuko Institutua, Eibarko Oinarrizko LH eta Ermua-Mallabiko Oinarrizko LH). Ipurua futbol zelaiko instalazioetan egiten dihardute azoka, Debegesak eta SD Eibar Fundazioak sinatu duten lankide-hitzarmenari esker. Bertan, Debabarreneko DBHko eta Batxilergoko 700 ikaslek baino gehiagok bisita gidatuak egingo dituzte egunotan, eskaintza bertatik bertara ezagutzeko.
Sarrera librea izango da eta hau izango da ordutegia: 23an 10:00etatik 14:30era eta 16:00etatik 18:00etara eta 24an 10:00etatik 14:30era.
• Lanbide Heziketa sustatzea helburu
Abian azokaren helburua Lanbide Heziketa sustatzea eta Debabarrenako kalitatezko prestakuntza-eskaintza zabala ezagutaraztea da. Izan ere, Lanbide Heziketa ikasi nahi duten ikasleek badute non aukeratu, Debabarrenean bertan arlo ezberdinetako 47 ikasketa-ziklo egiteko aukera dago eta. Era berean, azokak lagundu nahi du inguruko enpresek beren beharretara egokitutako ezagutza eta gaitasun tekniko-teknologikoak dituzten pertsonak topatzea.