Mekanizazio arloko bigarren mailako ikasleek egin dute jolasa eta psikomotrizitatea hobetzea du helburu. Horretarako material plastikoekin egin dituzte bederatzi pieza fresatzeko makinekin eta tornuekin. Egoiliarrek ikasleek diseinatu eta 3D inprimagailu batekin egindako oinarri bateko hutsuneetan jarri beharko dituzte piezak. Covidaren eraginez egoiliarrak isolatu eta talde txikietan banatu behar zituztenez, guztiek ezin zituzten egoitzako helburu terapeutikodun jolasak erabili eta horrek kalteak eragiten zituenez, IMHri eskaria egin zieten. Jolasak IMHn emango dizkiete otsailaren 25ean San Lazaroko egoiliarrek hara egingo duten bisitan. Besteak beste, IMHren industria-instalazioak erakutsiko die mekanizazioan espezializatutako irakasle-taldeak.
Jostailu hau egiteaz gain, baloreak lantzeko baliatu duten Balioak 4.0 izeneko programan ere jardun dira. "IMHn uste dugu gizarte aurreratu batek bere komunitateaz arduratu behar duela, eta babes berezia behar duten bizitzako egoerez edo etapez jabetu behar dugula", azaldu dute. Era berean, adineko pertsonek komunitateari egiten dioten ekarpenean ere jarri nahi dute arreta, ekarpen hori bistaratuz. "Adinekoen bizipenetatik eta esperientziatik asko daukagu ikasteko, eta, Elgoibar herri industriala izanik, historia industrial horren lekuko zuzenak dira. Gure gazteei ondare horren berri emateko pertsonarik egokienak, alegia". Ildo horretan, Makina Erremintaren Museoak ere hartu du parte ekimenean. "Hiru aldeko lankidetza izango da, eta Bea Ansola museoko arduradunak ekitaldi bat antolatuko du museoan, non protagonistak egoitzako egoiliarrak izango diren", aurreratu dute.