Elgoibarko ikasleak haurren eskubideen alde

Barren.eus 2015ko abe. 10a, 12:20

Elgoibarko 11 eta 13 urte birtarteko hainbat ikaslek Kongoko Errepublika Demokratikoko presidenteari zuzendutako gutunak prestatu dituzte haurren eskubideak errespeta ditzan eskatuz. Gaur, abenduak 10, Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna dela-eta, alkateari eta EHBilduko zein PSE-EEko ordezkariei eman dizkiete gutunak udaletxean egin duten ekitaldian.

Azaroaren 20a Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna izan zen eta gaur, berriz, Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna da. Bi data seinalatu horiek aintzat hartuta, 11-13 urte bitarteko (LH6ko eta DBH1eko) gazteekin lantzeko ekimena proposatu zien Baketik-ek Elgoibarko ikastetxeei, Udala garatzen ari den bizikidetza programaren barruan. Hala, Haurren eskubideak barneratzen izeneko ekimena jarri zuten martxan Elgoibarko ikastetxeetan. Honako ibilbidea izan du:

  • Begiratzea. Film bat ikusiz, bizitzaren eta bizikidetzaren arazoak espiritu kritikoarekin eta etikoarekin identifikatzeko, aztertzeko, interpretatzeko eta aurre egiteko gaitasuna gazteengan sustatzen ahalegindu dira. Horretarako, Haurren Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala hartu dute abiapuntutzat. 
  • Pertsonalizatzea. Filma ikusi aurretik eta ondoren giza eskubideen eta honek eguneroko bizimoduan duen loturaren inguruan lan bat egitea, gazteengan hausnarketa eta barrura begiratzeko gaitasuna bultzatuz. 
  • Partekatzea. Filma ikusi ondoreneko solasaldien bidez gazteengan elkarrizketarako eta entzuteko gaitasuna indartzea. 
  • Konpromiso bat hartzea. Mundua hobetu daiteke baina ez da bakarrik aldatuko. Errealitatea hobetzeko gure eskuetan dagoena egiteko konpromisoa bizitzea. 

 

•Kongoko Errepublika Demokratikoko presidenteari eskutitza

Azken puntu horretan, konpromiso bat hartzeari dagokionean, Kongoko Errepublika Demokratikoko egoerari jarri diete arreta ikasleek, non dozenaka mila haur soldadu erreklutatzen dituzten, Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenean aldarrikaturiko eskubideak urratuz. Ikasle bakoitzak gutun bat idatzi dio herrialdeko presidente Joseph Kabilari “talde armatuek adingabeak errekrutatzeari uzteko beharrezko neurriak hartzeko” eta “egun erreklutatuak dauden haurrak desmobilizatzea eta hauei lana topatzen laguntzeko programak bermatzea” eskatuz. Frantsesez idatzi dituzte eskutitzak.

Ikasleek Ane Beitia alkateari eta EHBilduko eta PSE-EEko zinegotziei (Jose Luis Ibartzabal eta Nerea Alustiza) eman dizkiote eskutitzak gaur, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira egin duten ekitaldian. Udal ordezkariek konpromisoa hartu dute eskutitzok Kongoko Errepublikara bidaltzeko. 

“Beti dago gure esku dagoen zerbait, bai maila pertsonalean eta baita gela edo ikastetxe bezala ere. Ezin dezakegu sufrimendu eta injustizia guztiaren zama gure gain hartu baina gure esku dagoen zerbaitez ardura gaitezke; horixe bera izan da hain zuzen ere ekimen honen izpiritua”, adierazi dute ekimenaren sustatzaileek.

2015 12 10 giza eskubideen eguna umeak1

2015 12 10 giza eskubideen eguna umeak alkatea

2015 12 10 giza esku eguna umeak2

2015 12 10 giza eskubideen eguna umeak eskutitza