Atzo, azaroak 1, hasi zuten Zuberoako Basabürüko Alozekoa Ikastolaren eta Pettarrango Eperra Ikastolaren aldeko Eguberrietako saski salmenta kanpaina. Urtero moduan, bertako produktuekin osatutako otarren salmentaren bidez jasotako dirua euskararen transmisioa bermatzen duten ikastolen alde erabiliko dutela azaldu zuten kanpainaren aurkezpenean. Ipar Euskal Herrian euskara ez da ofiziala, eta Frantziako Estatuak traba ugari ezartzen dizkio hizkuntza gutxituari. Besteak beste, aurten Parisek erabaki du murgiltze eredua “konstituzioaren aurkakoa” dela. Zuberoako ikastolek nabarmendu dute saskien xedeetako bat dela euren esku dauden dinamikak martxan jartzea: “Bihar eta etorkizunean autonomia handiago batekin bizitzeko gisan”. Era berean, ikastolak lagunduz euskara sustatzeko deia egin dute. “Euskararen etxeko transmisioa Zuberoan eteten ari den heinean, ikastolek dute euskararen transmisioa bermatzen”.
Elgoibarko Izarrak Zuberoako ikastolen aldeko saskiok salduko ditu aurten ere. Saskiak eskatzeko azken eguna azaroaren 26a izango da. Interesatuek elgoibarkoizarra@elgoibarkoizarra.eus helbidera idatzi edo 943 741 626 telefonora deitu dezakete.
Basaburuko eta Pettarreango guraso eta guraso ohien produktuez osatutako hiru saski egongo dira aukeran: Ahuzki, 40 eurokoa; Irati, 55 euokoa eta Orhi, 70 eurokoa.
- Ahuzki: xerriki patea, ahate gibel berrosatua, eztia, bizkotxo poltsa eta ardi gazna.
- Irati: xerriki patea, ahate gibel berrosatua, xahalki xehatua saltsan, eztia, bizkotxo poltsa eta ardi gazna.
- Orhi: Ahate gibela, bizkotxo gatzatuak, lukainka, azafrai erreximenta eta ardi gazna.