IIOT Gaitasunen Zentroa sortuko dute IMHk eta Ikusik, digitalizazio industrialeko profesionalak eta ikasleak trebatzeko

Barren.eus 2021ko eka. 29a, 09:09

IIOT Gaitasunen Zentroa sortu eta abiatzea da bi erankundeen helburua, IIOT (Gauzen Internet Industriala) teknologien formakuntzan eta makinetan aplikatzeko, enpresen ekoizpen-prozesuak hobetzearekin batera.

IMHk, Fabrikazio Aurreratuaren eta Digitalaren Campusak eta Ikusik, negozioen eraldaketa digitalizatuan espezializatutako enpresak, lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute digitalizazio industrialeko prestakuntza-zentro bat sortzeko. Zentro berri honekin IMHko ikasleek nahiz enpresa industrialek IIOT (Gauzen Internet Industriala) arloan trebatu ahal izango dute. Aldi berean, digitalizazio-prozesuetan aurrera egin nahi duten enpresentzat erakustoki izango dela zehaztu dute.

IMHtik jakinarazi dutenez, "IIOT Gaitasunen Zentro" berriak teknologia horiek makinetan aplikatzeko profesionalak prestatuko ditu, eta enpresetan produkzio-prozesuak hobetzea bultzatuko du. Enpresek test praktikoak egin ahal izango dituzte benetako industria-ingurune batean, eta, horri esker, segurtasunez digitalizatuko dira, "eta une oro egiaztatuko dute zer onura lor ditzaketen tresna digital horiek aplikatuta". Bestalde, zentroak eragin zuzena izango du IMHko ikasleen prestakuntzan; zehazki, Ingeniaritza Dualeko graduko, Fabrikazio Digitaleko masterreko, Datuen Analitikako Espezializazio eta Fabrikazio Aditiboaren graduondokoetako, Lanbide Heziketako eta Etengabeko Prestakuntzako ikasleei begira. Guztira, zentroak urtean 200 ikasle baino gehiagorengan eragina izatea aurreikusten dute.

Zentro berria Elgoibarko IMH-ren Fabrika Digitalaren instalazioetan egongo da, eta Ikusi enpresak Thingworx plataforma ezarriko du bertan. Tresna berritzailea da Thingworx, PTC multinazionalak garatua. Adimen artifiziala erabiltzen du fabrikazioaren, zerbitzuen eta ingeniaritzaren erabileraren hainbat kasu testatzeko, hala nola makinen urruneko ikuskapena eta mantentze-lanak, aktiboen optimizazioa edo mantentze prediktiboen inplementazioa, besteak beste. Horrela, Thingworxek ingurune erreal batean probak egiteko aukera ematen du eta, aldi berean, proiektu pilotuak enpresa-irtenbide zehatz bihurtzea ahalbidetzen du.

Ikusi eta IMHren arteko lankidetza-hitzarmen hau bi erakundeen arteko lankidetza estuaren hurrengo pausoa dela nabarmendu dute, izan ere, azken urteotan elkarlanean aritu izan dira industria-digitalizazioaren arloko I+G proiektuetan, Eusko Jaurlaritzaren Hazitek programaren barruan. Esaterako, EDGE4FoF proiektuan parte hartzen dute, EDGE eta Cloud arkitektura hibrido kulunkatuen ikerketan. Bestalde, ATERRIZA 4.0 proiektuan, ekipo-ondasunetan soluzioak garatzeko analitika aurreratuko teknologietan ikertu dute.

Ixaka Egurbide IMHko zuzendari kudeatzailearen hitzetan, konpetentzien zentro hau aurrerapausoa da "digitalizaziorako gure apustu estrategikoan" eta, Ikusi bezalako enpresa erreferenteekin lankidetzan, euren Fabrika Digitalari balioa gehitzen jarraitzen dute, ekosistema aurreratu gisan, etorkizuneko profesionalak prestatzeko eta gaitzeko nahiz enpresen garapen teknologiko eta digitalera bultzatzeko".

Bestalde, Quique Candorciok, Ikusiren Digitalizazio Unitateko zuzendariak, honako hau nabarmendu du: "Ikusik IMHrekin batera IIoT Gaitasun Zentro bat sortzea, enpresak digitalizatzera bideratutako gure estrategiaren barruan kokatzen da, teknologia esponentzialen erabileran oinarritutako ekimenak eta proiektuak inplementatuz, ezagutzaren gizartean giltzarri diren hiru zutaberen bidez: enpresak, profesionalak eta trebakuntza".

Josep Ortegak, PTCko zuzendari komertzialak, proiektuak talentua erakartzeko egindako ekarpena nabarmendu du: "IoT-rekin lotutako teknologiak ari dira industriara gehitzen eta, askotan, zaila izaten da langile kualifikatuak aurkitzea teknologiok erabiltzeko. PTC-tik uste dugu aliantza hau bezalako ekimenek balio handia dutela lurraldearentzat, behar hori zuzenean asetzen dutelako".