Ekoizpen eta kontsumo arduratsuaren inguruko ekarpen eta proposamenak udal agintariei azaldu dizkiete Elgoibarko eta Mendaroko ikasleek

Barren.eus 2021ko eka. 9a, 12:53

Ekoizpen eta kontsumo arduratsuaren gaia landu dute aurten Debabarreneko eskola-umeek Eskolako Agenda 30 programaren barruan, baina pandemia dela-eta, aurten ezin izan dituzte euren ekarpen eta proposamenak udalbatzarretan aurkeztu. Horren ordez, bideo bana grabatu dute umeek dagokien udalerriko udalei aurkezteko, eta Udalek beste bideo batekin erantzun diete.

Hona hemen haurrek egin dituzten proposamenetako batzuk, eta jaso dituzten erantzunak:

 • ELGOIBAR

  • Elgoibarko erdiguneko gune batzuetan (Bernardo Ezenarro, Aita Agirre plaza...) zenbait aparkaleku auto elektrikoentzat gordetzea. Hirigintza Saileko zinegotzi Iosu Arraizek erantzun die 2011. urtean zazpi gune jarri zituztela auto elektrikoak berriz kargatzeko, baina gerora hainbat gune kendu egin zituztela, “ez zutelako erabilerarik izan”, baina oraindik mantentzen dituztela beste batzuk.
  • Plastikoaren erabilera murrizteko neurriak hartzea: Arraizek erantzun die egin izan dituztela kanpaina batzuk plastikoaren erabilera murrizteko. Duela urte batzuk, tupperrak erabiltzeko kanpaina sustatu zutela aipatu die, eta gerora, banatu zituztela poltsa berrerabilgarriak eta egin zituztela saskiak erabiltzeko kanpainak ere.
  • Udaletik bidaltzen duten informazioa modu digitalean bidaltzeko, paperaren erabilera murrizteko. Ane Beitia alkateak erantzun die duela pare bat urte hasi zela Udala horretan eta saiatzen ari direla paperaren erabilera murrizten.
  • Bidegorrian dauden landare eta arbolen izenak eta haien ezaugarriak egurrezko paneletan jartzea eta Qr kodea gehitzea. Alkateak erantzun die oso proposamen interesgarria iruditzen zaiela Deba ibaiaren bueltako bioaniztasuna modu horretan jasotzea eta iruditzen zaiela Foru Aldundiarekin batera lantzeko kontua dela.
  • Bidegorrian komun eta zaborrontzi gehiago jartzea. Hirigintza zinegotziak erantzun die Udalaren konpromisoetako bat izan dela bidegorrian komuna jartzea, eta aitortu du uste baino gehiago kostatu zaiela ura, argindarra eta saneamendu arazoak konpontzea, baina lizitazioa martxan dela. Zaborrontzi gehiago jartzeko eskaera, berriz, Foru Aldundiari egingo diotela esan die, haiei dagokielako bidegorriaren mantentze lanak kudeatzea.
  • Auzo guztietara heltzen den autobus urbano elektrikoa jarri eta Herri Eskolara joaten den igogailua jarri. Urazandiko igogailua martxan dela gogorarazi die alkateak eta udalbusarekin auzoetarako irisgarritasuna bermatuta dagoela. Era berean esan die saiatuko direla urtez urte berrikuntzak ezartzen.
  • Herriko nekazarien kontsumoa eta kontsumo ekologikoa sustatzeko kanpainak martxan ipintzea eta laguntzak ematea: azoka gehiago antolatea eta baserrietara bisitak sustatzea. Udaletik erantzun diete hainbat azoka egiten dituztela urtean zehar, herriko baserrietako produktuei bidea emateko eta saiatzen direla azoka horiek hobetzen bertako ekoizleei laguntzeko.
  • Herritarrek erabili ahal izateko bizikleta elektrikoak jarri. Iosu Arraisek erantzun die 2011n jarri zituztela hainbat bizikleta elektriko kalean herritarrek erabili ahal izateko, baina lau urtean erabili ez zirenez eta mantentze kostua oso handia zenez, kendu egin zituztela, baina hala ere, aztertuko dutela berriro gaia.
  • Soberan dagoen janaria banatzeko kanpainak antolatzea. Jantokiak dituzten eskolekin edo enpresekin harremanetan jarriko direla esan die alkateak edo Mankomunitateari esango diotela bestela.

  • MENDARO

  • Espaloietan zuhaitz egokiak jartzea, batzuetan handiegiak hazten direlako. Iñaki Arregi alkateak erantzun die “lanketa berezia” ari direla egiten eta ari direla inausketak-eta egiten. Trinitateko iturria konpontzea eta Santa Kurutzen iturria jartzea. Alkateak erantzun die Trinitatenn hobekuntzak egin dituztela eta konpondu dituztela iturria eta ur-jausia, bai eta argiztapena ere. Santa Kurutzen jarritako parrillek izan duten arrakasta ikusita, beste bat jartzeko asmoa dutela ere zehaztu die, baina hara ura eramatea kontu zailagoa dela nabarmendu die. “Momentuz ez dugu modurik topatzen, baina jarraituko dugu irtenbide baten bila”.
  • Skate parkeko txorroak kentzea, parkea handitzea, gimnasia egiteko makinak konpontzea eta kantxa estaltzea. Alkateak erantzun die txorrotak mantendu egingo dituztela ume txikiak gustura ibiltzen direlako. Makinen mantentze lanak egiten dituztela argitu die eta kantxa estaltzeko aukera aztertu egin beharko luketela. Esan die aurrekontuak eskatuko dituztela eta datorren urtera begira jarriko direla zer egin aztertzen.
  • Bidegorri bat egitea Mendarotik Elgoibarrera. Ideia oso ona dela esan die alkateak eta hasita daudela lanean. Gogorarazi die Mendaroko eta Altzolako hondakin-urak Elgoibarko Apraizko araztegira eraman ahal izateko kolektoreak eraikitzeko proiektuaren idazketa lizitatuta dagoela eta aztertuko dutela obra horrek balio duen bidegorria egitea bultzatzeko.
  • Eskola pareko paperaren zaborrontzia egokitzea edo aldatzea, oraingoa oso altua delako eta zuloa oso txikia delako. Alkateak erantzun die arrazoia dutela eta Mankomunitatearekin jarri direla harremanetan irtenbide bat bilatzeko.
  • Presape bainurako egokitzea. Alkateak erantzun die erreka bazterren gaineko eskumena Ur Agentziarena dela eta Udalak ezin duela hor esku-hartzerik egin, baina proposamena bidaliko diela.

  • Eskolako Agenda 30 Debabarrenean

Udaletxeekin elkarlanean, 19 urte daramatza Debegesak, Debabarreneko Garapen Agentziak, eskualdean Eskolako Agenda 30 egitasmoa sustatzen eta koordinatzen. Eskola-komunitateari zuzendutako garapen jasangarrirako heziketa programa bat da Eskolako Agenda 30. Egitasmoak hiru helburu ditu:

  1. Ikastetxeak ingurumen eta gizarte jardunbide egokien eredu bihurtzea.
  2. Ingurumen eta gizarte-arazoak identifikatzeko eta horiei konponbidea emateko gai diren ikasleak heztea.
  3. Partaidetza eta ingurumenarekiko errespetua sustatzen duen hezkuntza bermatzea.


Guztira, 28 ikastetxe eta 8.000 ikasle baino gehiago ari dira parte hartzen Debabarrenean Eskolako Agenda 30 programan. Programaren baitan, hezkuntza komunitate osoari zuzendutako ekintzak antolatzen dira, ikasle, irakasle eta familiei.