Ikastolako jolastokiaren egituraren eta diseinuaren inguruko gogoeta hasi du Mendaroko Arno Guraso Elkarteak, patioaren erabilera ekitatiboagoa izan dadin. Arnon uste dute eskola-ingurunea leku aproposa dela haurrak jolasera eta mugitzera bultzatzeko, bai eta eskola orduz kanpo familien arteko harremanak sustatzeko ere, baina egungo egitura eta diseinuak bazter uzten dituela haur batzuk, bereziki neskak eta hain aktiboak ez diren haurrak. Horregatik, parte-hartze prozesu bat abiatu nahi izan dute. Arnoren ekimenez, patioaren inguruko prozesua lantzeko batzordea ere sortu dute herrian. Udalean ordezkaritza duten hiru alderdiek, Ikastolak, Ongizate Sailak, Kultura teknikariak, Gaztelekuko eta Ludotekako arduradunek eta patioaren ohiko erabiltzaile batek osatzen dute lantaldea.
Paraleloan, sentsibilizazio kanpaina ere hasi dute Arnotik, eta maiatzaren 6an solasaldi bat antolatu zuten. Mikel Olaizola Azpeitiko Karmelo Etxegarai ikastolako aholkularia, Ibon Mendoza Oiartzungo eskolako gorputz hezkuntzako irakaslea, Eli Zubeldia Zumaiako eskolako jolastokiko obra zuzendari eta Zarauzko Balurdin guraso elkarteko ordezkariak eta Jabi Muñoz arnokideak parte hartu zuten hitzaldian. Joan zen ostiralean, hitzaldiko grabazioak sareratu zituzten blogean (arnogurasoelkartea.eus) eta egunean bertan irainak, mezu matxistak eta mehatxuak jaso zituzten iruzkinetan. Ostiral gauean bertan agiria kaleratu zuten Arno Guraso Elkartekoek blogean, jasotako iruzkinen argazkiekin batera. “Lerro hauen bidez argi laga nahi dugu Arnok zabalik duela atea eta era guztietako ekarpenak jasotzeko prest gaudela, baita kritikak ere, beti ere errespetuz egiten badira”, jaso dute idatzi horretan. Atzo, berriz, Arnok jaso dituen irain eta mehatxuak gaitzetsi zituen Mendaroko Udalak, eta bat egin zuen Arnoko kideek publiko egin duten adierazpenarekin. "Herri demokratikoa da gurea, eta gizalegez jokatu behar dugu, urkoa eta gure erakunde zein eragileak errespetatuz", adierazi dute.