Herri Eskolako ikasleek Alcorta enpresara bisita egin dute ikasgelan lantzen diharduten 'Elgoibartik Martera" proiektuaren barruan

Barren.eus 2021ko api. 27a, 17:12

Herri Eskolako Lehen Hezkuntzako seigarren mailako gela bateko ikasleak "Elgoibartik Martera" izeneko proiektua lantzen ari dira ikasturte honetan, Magnet-Erakarri proiektu pilotuaren barruan. Orain arte egin duten lana aurkeztu zieten aurreko barikuan Alcorta enpresako arduradunei, eta baita sortu dituzten rover ibilgailuak ere.

Hezkuntza Sailak Magnet–Erakarri proiektu pilotua martxan ipini du Euskal Autonomia Erkidegoko lau ikastetxetan, eta horietako bat da Elgoibarko Herri Eskola. Hiru urteko iraupena dauka Magnet-Erakarri egitasmoak, eta berari esker, hainbat helburu lortzeko asmoa dauka Elgoibarko Herri Eskolak: Metodologia berriztatzaileetan oinarria duen Hezkuntza Proiektua orokortzea eta sistematizatzea, kalitatean eta ekitatean oinarritutako proiektua lantzea, ikastetxearen identitatea sendotzea, inguruan erreferentziazko proiektu bilakatuz, eta eskolak bere inguru sozioekonomiko eta kulturalarekin duen lotura naturala sendotzea.

Aipaturiko helburu horiek betetzeko asmoarekin landu dute LHko 6. mailako ikasleek "Elgoibartik Martera" izeneko egitasmoa, NASA espazio agentziak Martera bidali duen Perseverance izeneko Rober esplorazio espazialeko ibilgailuan oinarrituta. Herri Eskolatik zehaztu dutenez, Magnet Erakarri proiektuan jasota dauden hiru helburu landu dituzte. Ikasleei herriko garapen ekonomikoan oinarri diren enpresak ezagutaraztea eta gerturatzea da helburuetako bat, eta Alcorta Forging Group enpresako forja ezagutzeko bisita egin zuten joan den barikuan. Era berean, nesketan bokazio zientifiko-teknologikoak bultzatzea da beste helburuetako bat, eta Alcortara eginiko bisitaren barruan, bertan lanean diharduten bi emakume ingeniarik euren lan esperientziaren berri eman zieten eskola umeei.
Bisitari hasiera emateko, baina, ikasgelan landu duten proiektua ezagutarazteko aurkezpena egin zuten ikasleek Alcorta enpresako arduradun nagusien eta beharginen aurrean, ikasgelan landutakoa zuzeneko aurkezpenen bidez ezagutzera ematea baita egitasmoaren beste helburuetako bat. Proiektua aurkezteaz gainera, sortu dituzten rober ibilgailuak ere erakutsi zizkieten eta proba txiki bat ere egin zuten beraiekin. Aurkezpena amaitutakoan, taldetan banatu eta enpresa barrua ezagutu zuten ikasleek, Alcortan egiten dituzten lan desberdinak ezagutzeko.

2021 04 23 elgoibar herri eskola alcorta forgin group bisita panelegaz

2021 04 23 elgoibar herri eskola alcorta forgin group bisita roberrak

2021 04 23 elgoibar herri eskola alcorta forgin group bisita

2021 04 23 elgoibar herri eskola alcorta forgin group bisita bulegoan

Â