Institutuko Arreiturre eraikina handitu eta jolaslekua estaltzeko lanak amaitzear dira

Barren.eus 2021ko mar. 10a, 12:29

Obretan ari dira IES Elgoibarko BH Institutuan. Batetik, jolastokia estaltzen ari dira egurrezko egitura handi batekin, eta bestetik, ikasgelategi berria ari dira eraikitzen.

Ikasgelategi berriak bederatzi espazio izango ditu guztira, Iñaki Odriozola zuzendariak argitu duenez. Batetik, sei ikasgela handi sortuko dituzte: lau arruntak, eta beste bi handiagoak. Horrez gain, bilerak egiteko beste bi gela txikiago ere sortuko dituzte ikasgelategi berri horretan, eta azkenik, kanpora emango duten komunak ere bai. Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak sustatutako lanek ia milioi bat euroko kostua izan dute, 878.342,88 eurokoa (BEZ gabe) izan da aurrekontua.

Odriozolak jakinarazi duenez, 2020ko uztailean hasi zituzten lanak eta urtarrilean bukatzekoak zituzten obrarik handienak, baina atzerapen bat izan da, eta ondo bidean, udaberrirako bukatuta izatea espero dute. Obrak amaituta, espazio horiek ekipatu beharko dituzte eta hor ere izango dute lanik. Horiek denak eginda, nahiko lukete datorren ikasturterako erabilgarri izatea espazio berria, datorren urtean beste gela bat osatuko delako DBH1n eta guztira, 17 gela izango dituztelako Institutuan. “Estu-estu geunden, baina orain, plastika gela, musika gela eta bigarren informatika gela bat izatea espero dugu”, zehaztu du Odriozolak.

2021 03 08 instituan handitze lanak gelak

2021 03 08 obrak institutua elgoibar gela

2021 03 08 obrak institutua elgoibar jolaslekua teilatuan

2021 03 08 obrak institutua elgoibar jolaslekua estalpea