Irratizaletasunari buruzko hitzaldia eman dute Gare GARE-EILT irratizaletu elkarteako kideek Herri Eskolan

Barren.eus 2020ko abe. 23a, 13:38

Irrati-uhinak, irratizaletasuna, eta zaletasun horren esparruan garatzen dituzten jarduera desberdinei buruzko hitzaldia eman zuten Elgoibarko GARE-EILT irratizaletu elkarteako kideek Herri Eskolan, joan den abenduaren 21ean.

Lehen hezkuntzako seigarren mailako ikasleek uhinei buruzko proiektu bat landu dute ikasturteko lehen hiruhilekoan eta herriko irratizaleen elkartea gonbidatu zuten, euren afizioaren berri bertatik bertara emateko. 48 ikasleri bi hitzaldi eman zizkieten, gelak ez nahasteko. 

Herri Eskolara eginiko bisitan, Roberto Sánchez (EA2AF) eta David Mekolalde (EC2DM) irratizale elgoibartarrek zaletasuna nondik datorkien azaldu zieten eskola umeei, eta, hainbat azalpen eman zituzten, besteak beste, dauden uhin elektromagnetiko mota desberdinei buruzkoak edo irrati-uhinen irismen eta hedapenari buruzkoak. Irratiaren historia, azaletik bada ere, ezagutzeko aukera ere izan zuten ikasleek; bere asmakuntzaz eta munduko lehen irrati komunikazioez berba egin baizuten, XIX. mendearen amaierara eta XX. mendearen hasierara denboran atzera eginda.
Ondoren, nazioartean irrati bidezko komunikazioetarako erabiltzen diren kodeak erakutsi zizkieten ikasleei; besteak beste, ICAO kode fonetikoa, "Q" kodea eta MORSE kodea.
Eta amaitzeko, irrati-aparatu batzuk erakutsi zizkieten, horiek izan duten bilakaera teknologikoa ikus zezaten. Ikasle batzuek pala bikoitzeko giltza telegrafiko bat (manipulatzaile telegrafikoa) erabiltzeko aukera ere izan zuten, MORSE kodea erabiliz; eta ikastetxeko liburutegian jarduera honetarako instalatutako irrati-ekipoa erabilita, 40 metroko bandan (7 MHz) zenbait kontaktu zuzen-zuzenean nola egiten ziren ikusi ahal izan zuten, Granada, Badajoz, Alemania eta Errusiatik transmititzen ari ziren irratizaleekin, hain zuzen ere.
GARE-EILT irratizaletu elkarteko kideak hitzaldien balorazio "oso positiboa" egin dute. "Bizipen ederra izan da, eta Herri Eskolaren gonbidapena eta ikasleek eta irakasleek izandako abegi ezin hobea eskertu nahi ditugu", adierazi dute.

2020 12 23 gare irratizaleak herri eskolan elgoibar RobertoEA2AFazaltzen g2

2020 12 23 gare irratizaleak herri eskolan elgoibar 2 probatzen

2020 12 23 gare irratizaleak herri eskolan elgoibar 1 probatzen2

2020 12 23 gare irratizaleak herri eskolan elgoibar 1 2

2020 12 23 gare irratizaleak herri eskolan elgoibar 1

*Argazkiak: GARE-EILT