• Noiz eta nola bururatu zitzaizun Eisyme plataforma sortzea?
Konfinamenduan bururatu zitzaidan ikasleek etxetik ikasteko aplikazioren bat sortzea. Irakaslea naiz, baina orain langabezian nago, eta horregatik hasi nintzen proiektu hau garatzen. Ikastetxe batzuk hasi ziren eskolak on-line ematen, baina beste asko etxeko lanak bidaltzera mugatu ziren, eta horren aurrean ikasleei laguntzeko zerbait behar zela bururatu zitzaidan. Ikasleak etxean zeuden, eskolara joan ezinda, eta buruari bueltaka hasi nintzen zerbait sortzeko lanetan. Lagun bati deitu nion, eta bion artean pentsatu genuen campus birtual moduko bat egitea, baina Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat.
• Zein da campus birtual horren muina?
Gure helburua zen eskolan ematen dituzten ikasgai guztiak jartzea on-line. Eskola curriculumean oinarrituta, ikasgai guztietako edukiak grabatu egin ditugu bideoz, eta campus birtualean jarri ditugu ikusgai. Ikasleei beharrezko erraztasunak eskaini nahi genizkien, eta 24 orduko zerbitzua eman nahi genien. Bagenekien irakasleak ezin zirela 24 orduz egon ordenagailuaren aurrean ikasleak konektatu zain, baina bideak jarri ditugu harremanetarako. Irakasleek sakelako telefonoan jasotzen dituzte ikasleen mezuak, eta une horretan ezin badiete erantzun, hitzordua zehazten dute elkarrizketa baterako. Irakaslearekin harremantzeko moduaz gain, ikasleek beraien artean zuzenean hitz egiteko modua ere eskaintzen du plataformak, eta horri esker, beraien artean ere zalantzak konpartitzeko aukera daukate. Plataformak zoom aplikazioa ere integratuta dauka, eta horri esker, irakasleak zuzeneko klaseak ere eman ditzake beharrezkoa den kasuetan. Materia ikasleen esku jartzeaz gain, lanak ere jartzen dizkiegu, eta lan horien segimendua ere egiten zaie. Plataformak ematen digu ikaslearen berri, noiz konektatu den, zenbat denboraz, zein bideo ikusi dituen... horri esker dena kontrolatzen dugu.
• Nola funtzionatzen du plataformak?
Ordenagailua eta Interneterako konexioa edukita, nahikoa da. Ikasle bakoitzak kuota bat ordaintzen du hilean, aukeratzen dituen ikasgaien araberakoa. Ikasgai solteak hartuta, hilean 20 euro ordaindu behar dira, eta kurtso osoa hartuta, 80 euro hileko. Normalean, etxetik ikastea erabakitzen duenak bere mailako ikasgai guztietan ematen du izena, baina badaude eskola partikular moduan ikasgai solteak ere aukeratzen dituztenak. Adibidez, matematiketan laguntza behar duen ikasle batek badu matematika soilik hartzeko aukera. Klase partikularretara joan beharrean, eskola osagarriak on-line jaso ditzake gure campus birtualean, oso modu errazean. Ikasleek alta eman behar dute, eta gero bere izena eta pasahitza erabilita sartuko dira campus birtualera. Han mailaka eta arloka sailkatuta aurkituko dituzte ikasgai guztiak. Ikasle bakoitzak nahi dituen ikasgaietan matrikulatzeko aukera izango du, eta aukeratu dituen ikasgai horietako materiala agertuko zaio. Material horren barruan gai desberdinak aurkituko ditu; ikasturtean zehar ematen ari diren unean uneko gaiak. Batuketak eta kenketak ikasten ari direnek horri buruzko azalpen bideoa aurkituko dute, esaterako. Norberaren neurrira egokitutako materia sortzen saiatzen gara, eta irakaslearekin harremana ere norberak nahi edo ahal duenean izaten da, betiere, ordutegi normal baten barruan. Ikasleentzat laguntza handia da, baina gurasoentzat ere bai, askotan etxeko lanetan laguntzeko zailtasunak izaten dituztelako eta gure materiak eurentzat ere lagungarri direlako. Eta, behar bereziak dituzten ikasleentzako ere oso interesgarria da. Asperger kasu bat daukagu, esaterako: ikasle horrek koefiziente intelektual oso altua dauka, eta eskolan, gainerako ikasleen erritmora, aspertu egiten da. Gainera, maskara ezin du erabili, eta maskara gabe ezin da egon eskolan. Gure plataforman bere erritmora doa, eta horrek motibatu egiten du.
• Konfinamendua bukatu zen, eta ikasleak eskolara itzuli dira. Zein erabilpen dauka orain plataformak?
Berez irailean hasi zen ikasturtea, baina ikasle askok edo, haien gurasoek, erabaki dute etxetik ikasten jarraitzea. Homeschooling edo etxetik ikastea ez da berria, beti egon dira seme-alabak eskolara bidaltzearen kontrako gurasoak, eta koronabirusaren pandemiarekin metodologia hau sendotzen ari da. Uste duguna baino ikasle gehiago daude etxean: batzuk konfinatuta daudelako, beste batzuk arnasketa arazoak dituztelako eta gurasoak umea eskolara bidaltzeko beldur direlako, edo etxean arrisku taldeko senideren bat bizi delako eta nahiago dutelako umea eskolara ez joatea... Azken kasu horretan, esaterako, umea eskolara bidaliz gero, ezingo litzateke etxean bizi, eta gurea moduko plataforma aukera oso interesgarria da familia horientzat. Konfinamenduan eskolaren osagarri bezala sortu genuena orain, eskola bilakatu da askorentzat. Une honetan 20tik gora ikasle daude izena emanda gure campus birtualean. Aurrera begira, eta beste konfinamendu bat etorriko balitz, gustatuko litzaiguke gorputz hezkuntzako ikasgairako bideoak ere sortzea.
• Zein hizkuntzatan sortu duzue campus birtuala?
Espainia guztiko ikasleentzako zerbitzua sortu dugu, eta gai guztiak hiru hizkuntzatan grabatu ditugu: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Katalanez grabatzera ez gara heldu oraindik, baina aurrera begira agian gehituko dugu hizkuntza hori ere.