Gurasoek umeei eskolako lanekin nola lagundu erakusteko hitzaldia antolatu du Atxutxiamaikak

Barren.eus 2020ko urr. 13a, 12:04

Guraso nahiz hezitzaileentzako bi hitzaldi antolatu ditu Atxutxiamaikak, Kiribilduz proiektuaren baitan, Elgoibarko Udalarekin lankidetzan. 'Nola lagundu seme-alabei eskolako lanekin?' izenekoa izango da aurreneko hitzaldia, eta 'Zergatik ez?' tailerra bigarrengoa.

Umeen heziketan parte hartzen duten helduei, guraso zein hezitzaile, zuzendutako hitzaldiak direla zehaztu dute Atxutxiamaika aisialdi taldeko arduradunek.

Lehen hitzaldia, Nola lagundu seme-alabei eskolako lanekin?, urriaren 28an (eguaztena) emango dute. "Etxeko lanek kezka sortu ohi dute gurasoen artean, batzuetan hizkuntza izaten da kezkarako arrazoia, eta beste batzuetan bestelako faktoreak izaten dira umeei laguntzeko oztopo. Horietaz guztietan jardungo dugu hitzaldian", argitu dute antolatzaileek. Arrate Gisasola (Ebete Hizkuntza Zerbitzuak), izango da hizlaria eta seme-alabei eskolako lanekin laguntzeko hainbat gomendio eta ideia proposatuko ditu. Bi saio emango ditu, aurrenekoa euskaraz, 15:00etan, eta gazteleraz bigarrengoa, 18:00etan. Aita Agirre kulturguneko areto nagusian izango da hitzaldia.

 • Zergatik ez? tailerra
Euskaltzaleen Topaguneak sortu du Zergatik ez? euskararen erabilera sozialaren inguruan hausnartzeko tailerra. Tailer horietan, inguruan ditugun hizkuntzekiko harremanaz hausnartu eta euskarari garrantzi handiagoa emateko gakoak ematen dira.
Saioak bi ordu eta erdi irauten du. Hizkuntzen inguruko datu orokorrak, eta mitoak apurtzeko gakoak eskaintzeaz gainera, norberaren hizkuntza jarreraz, eta dakartzan ondorioez hausnartzeko tartea ere izaten da denbora horretan. Funtsean, saioek euskararekiko jarrera baikorrak sustatu eta hizkuntzaren errealitatearen eta etorkizunaren ikuspegi baikor bat azaleratzea dute helburu. Besteak beste, euskara goxoki bat dela defendatzen da tailerrean, eta gozatzeko gonbitea luzatu. Hartzaile potentzialak euskaraz jakin bai, baina erabileran zer hobetua duten euskal hiztunak dira.
Elgoibarren azaroaren 7an, zapatua, emango dute tailerra, 10:00etatik 11:30erra, Aita Agirre kulturguneko Areto Nagusian. Elgoibarko Izarrako kide Naiara Martin izango da hizlaria.

 • Izen ematea
Bi hitzaldietan izena emateko egin klik egin hemen, eta jarraibideak jarraitu.

2020 10 13 atxutxiamaika 2 hitzaldi gurasoak2