Esperimentuak izan da Herri Eskolako ikasleek konfinamenduan landu duten gaietako bat. Zientzia Metodoaren pausoak (Arazoa, Behaketa, Hipotesia, esperimentua, Ondorioak atera) erabiliz, esperimentu mordoxka egin dituzte etxean: materia, egoera aldaketak, azaleko tentsioa, pisua eta edukiera, dentsitatea, e.a. landuz. Orain dela aste batzuk, koronabirusaren gaiari heldu zioten, zientzialariek egingo luketen moduan, arazoak ikertzeko eta egiazko ondorioetara iristeko metodo zientifikoa erabiliz. Birusak zer ezaugarri dituen eta nola jokatzen duen ezagutu zuten, besteak beste. "Gero, munduko zientzialariek egin esperimentuen bidez ondorioztatu bezala, gaitza ez kutsatzeko, maskaratxoak erabiltzea mesedekoa dela eta, maskaratxoak egiteko egokiago liratekeen oihalen inguruko ikerketa egin genuen, eta izan behar dituen ezaugarriei buruz konturatu", azaldu du Ander Zubizarreta irakasleak.
Maskaren gaian sakondu ahala jakin zuten Euskal Herriko Wolfratex enpresak hilean zazpi milioi maskara egingo zituela. Hala, ikasleek elkarrizketa egin zioten, zoom bidez, enpresako arduradun bati. Era berean, maskarak diseinatu dituen Tknikako ikerlari Mari Jose Barriola Baraibar leitzarra ere elkarrizketatu zuten ikasleek. Honako loturan ikus dezakezue ikasleek Barriolari eginiko elkarrizketa.
Barriola Lanbide Heziketako biozientziak eta jasangarritasun zuzendaria da Tknika ikerketa eta berrikuntza zentroan. Bertakoak eta jasangarriak diren materialak erabiliz maskarak sortu dituzten lehenbizikoak izan dira, eta horrez gainera, gorrentzat, mutuentzat eta adinekoentzat lagungarri izan daitezkeen maskara gardenak lantzen ari dira orain (ikus erran.eus.en egin dioten elkarrizketa).