Ez dugu ohiko irudia aurkitu haurreskoletan. Martxan ari dira, baina koronabirusaren eraginez, oso bestelakoa da orain euren jarduna: Hezitzaile eta gurasoak maskara jantzita, umeak oinutsik eta gurasoak, aldiz, oinetakoak babestuta, sarreran tenperatura hartzen diete, eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitu behar dituzte, eta erraz garbitzen diren jostailuak bakarrik atera dituzte umeentzat. Neurri asko eta ume gutxi, horixe da une honetan haurreskoletako irudia. Mendaron bost ume itzuli dira haurreskolara, eta Elgoibarko haurreskola publikoan zazpi ume dituzte une honetan. Ikastolan, berriz, hamar umerekin hasi dira. Elgoibar Ikastolak, bestalde, zaintza zerbitzua eskaini du HH2tik HH4ra arteko umeentzat, eta 33 umek eman dute izena. Elgoibarko ikastetxeetan izan gara eta arduradunek eman digute egoeraren berri.