IMHtik jakinarazi dutenez, urte akademiko desberdin eta konplexu baten amaiera izan da, Covid-ek sortutako egoeraren ondorioz. "Urte honetan jasan izan dugun egoera zaila izan arren, merkatu profesionalera atera eta etapa berri bati ekiteko ilusioz beteta dauden gazteen promozio berri honek dena eman du dituzten erronkei aurre egiteko", esan dute agurtu berri dituzten ikasleez. Guztira 154 dira etapa berri bat hasiko duten ikasleak. Horietatik 102 ikaslek egin dute Lantotiko Prestakuntza, Duala 32k eta Espezializazioa 20k.
• IMH sari bereziak
IMH Sariei dagokionez, osasun-alertak sortu duen egoera ekonomiko konplexua dela eta, enpresen parte-hartzea eta babesa 2021era atzeratu behar izan dituzte, eta ikasle aipagarri eta elgoibartarren aitortzak mantendu dituzte aurtengoan.
Igor Iriondo Salegi elgoibartarrak jaso du Ikasle Aipagarrienaren Saria. Erdi Mailako Mantentze-Lan Elektromekanikoko ikasle honek praktikak atzerrian egitea erabaki zuen, baina Covid-19 zela eta itzuli egin zen eta hemen amaitu ditu. Elgoibarko Udalaren oroigarria jaso zuen sari banaketa ekitaldian.
Ikasle elgoibartar aipagarriaren saria ere Igor Iriondok eskuratu du. Hori dela-eta, antolatzaileek bigarren espedienterik onena saritzea erabaki dute, "helburua ahalik eta ikasle nabarmen gehienen ahalegina eta jarrera txalotzea baita". Bi sari eman behar izan zituzten bigarren eta hirugarren espediente onenen arteko berdinketa dela-eta: Zestoako Jon Txapartegi eta Orioko Bertin Trillo dira sarituak. Txapartegik, Iriondo bezala, Erdi Mailako Mantentze Zikloa ikasi du, eta Trillok Mekanizazio Erdi Maila. Txankakua Elgoibarko Merkatari Elkarteak emandako erosketa bonoak jaso dituzte saritzat.
Ekitaldiko argazkiak imh.eus webgunean