Meka ikastetxeko soldadura eta galdaragintza mintegiko irakasleak ari dira materiala sortzeko lanean, beraiek baitira 3D inpresorak erabiltzera ohituta daudenak. Orain dela bost urte ekarri zuten era honetako lehen inpresora Albitzurin dagoen ikastetxera. Une honetan bost dituzte, baina bik arazoak dituztela-eta hirurekin ari dira lanean.
Maker izeneko egitasmoa sortu zuten hainbat lagunek, Euskadiko ospitaletan koronabirusari aurre egiteko behar den materiala 3D inpresorak erabilita egiteko, eta ideiak eta egitasmoak elkartrukatzeko sortu zuten covideuskadi.net webgunea. TKnika Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntza Zentroak bat egin zuen ekimenarekin, zentro askotan baitituzte 3D inpresorak Ikaslab proiektuaren barruan. Hala, TKnika ari da kudeatzen 46 lanbide heziketa zentrotan egiten ari diren produkzioa eta banaketa. Meka ikastetxetik jakinarazi dutenez, egunero pasatzen da ibilgailu bat, zentroz zentro, aurreko egunean egin duten materiala jasotzera. Aurpegia babesteko tresna baten zati bat egiten ari dira inpresorekin, plastikozko babesgarria kopetean jartzeko balio duen "diadema" modukoa (honako bideoan ikus daiteke inpresorak nola lan egiten duen). Pieza bakar bat egiteko ordubete behar du inpresora bakoitzak, gutxi gorabehera. Egin ahala ikasten eta hobetzen ari direla diote eta dagoeneko piezaren hirugarren bertsioarekin ari dira lanean. "Gero erabiltzen dituzten osasun arloko langileek esaten digute ondo moldatzen diren, erosoak diren, edo zerbait aldatzeko beharra duen, eta beraiek esandakoak haintzat hartzen ditugu piezak hobetzeko", azaldu dute. Astelehenetik dihardute lanean. Egiten ari direnaren berri izan ostean, Zumaiako zahar etxe bateko arduradunaren deia ere jaso zuten, babes tresnak eskuratzeko zer egin behar zuen jakiteko, baina TKnikatik kudeatzen ari direla banaketa azaldu zioten.
•IMHn ere bat egin dute COVIDEUSKADI ekimenarekin
IMH ikastetxeak ere bat egin du Jaurlaritzak Tknikaren bitartez sustatu duen COVIDEUSKADI ekimenarekin eta ari dira dituzten 3D inpresorak erabiltzen osasungintzako langileak babesteko materiala sortzeko (beherago ikus dezakezue sar sozialetara igo duten bideoa). "Harro gaude beste hainbat ikastetxerekin batera elkarlanean aritzeaz, eta gizartearen ongizatean lankidetzan jarraitu ahal izateaz, gure instalazio puntakoenak, gaitasun teknologikoak eta teknikoak erabiliz, COVID-19ren aurkako borrokan erronka berri honi aurre egiteko. Hemendik, eskerrak ematen dizkiegu IMHko Lanbide Heziketako eta Fabrikazio Aditiboko espezializazio arloko irakasle eta profesional-taldeari, egiten ari zareten lanagatik, konpromisoagatik eta ahaleginagatik, eta baita boluntario gisa ekimenarekin bat egin duten gure ikastetxeko gainerako profesionalei ere", adierazi dute.
• OSI Debabarrenarentzako materiala
Meka ikastetxetik aurrez ere eman dute laguntza. Ikastetxean zuten material erabilgarri eta beharrezkoa bidali zieten OSI Debabarrenakoei.