Elgoibarko Gaztelekuak sare sozialak indartu ditu erabiltzaileekin harreman zuzena izateko

Barren.eus 2020ko mar. 18a, 17:35

Elgoibarko Gaztelekuak bere funtzionamendua moldatu behar izan du aisialdi ekitaldi guztiak bertan behera geratu direnetik, eta besteak beste, sare sozialak indartu ditu erabiltzaileekin harreman zuzenagoa izan ahal izateko.

 

Joan zen astean Hezkuntza Sailak aurrez aurreko eskolak eta aisialdiko ekintza guztiak bertan behera utzi zituenetik, Gaztelekuak bere funtzionatzeko modua moldatu behar izan du. Azkenaldian, Gaztelekuak presentzia areagotu du sare sozialetan, eta sare sozialen bidez ere eskaintzen dute zerbitzua azken urteetan. Horrek ahalbidetu die lokalera edo ekintzetara gerturatzen ez diren pertsonekin harremana mantentzea eta erabiltzaileei arreta eskaintzea. Gaztelekutik jakinarazi dute une honetan ezinbesteko tresna bihurtu direla sare sozialak. Beraien esanetan, zuzeneko harremanen bidez gai desberdinak lantzeko aukera paregabea dira, Instagram-a, Whatsapp-a, Skype-a eta abar. 
 
Gaztelekuaren kasuan lanketa desberdinak ari dira burutzen egoera berri honi aurre egiteko:
  • Nerabeekin bakarka edo taldean elkarrizketak egiten dituzte egunero, 17:00-20:00 bitartean, Instagram, Whatsapp eta Skypez. 
  • Instagram eta WhatsAppez, Gaztelekuak sortutako edo interesgarria izan daitekeen materiala elkarbanatzen ari dira. Konfinamendu aldian hartu beharreko neurriak, ekintza proposamenak (eskulanak, sukaldaritza errezetak, ikusteko pelikula eta serieen gomendioak), ariketa fisikoa egiteko baliabideak, emozioen kudeaketa lantzeko pausuak, besteak beste. Orain arte egindako argitalpen guztiak Instagrameko istorioen atalean aurkitu daitezke “40aldiaEtxean” izenarekin.
  • Instagramez nerabeek parte har dezaten galderak planteatzen dituzte, nerabeek feedback-a izan dezaten.
"Egoera hau ez da erraza inorentzat, ezta nerabeentzat ere", esan dute arduradunek. "Nerabeek berdinekin sozializatzeko beharra dute bizitzan dauden nerabezaroko etapan, baina berrogeialdian, lagunekin egoteko espazioa mugatuta ikusi dute eta familiarekin espazioak eta denbora gehiago partekatu behar dituzte". Hori dela eta, gurasoek errutinak zehaztu, arau eta ardurak definitu eta etxean ekintza alternatiboak eskaintzeko informazioa nahi izanez gero, Gaztelekuarekin harremanetan jartzeko aukera ere eskaini dute: Whatsappez (628170330), e-mailez (gaztelekua@elgoibar.org) eta Instagramez (@elgoibarkogaztelekua).