Robotek hartu zuten Ikastolako frontoia zapatuan

Barren.eus 2019ko ira. 30a, 13:41

Euskadiko Hezkuntza Robotika Txapelketaren hirugarren ekitaldia jokatu zuten, joan den zapatuan, Ikastolako frontoian. Tailer teknologikoetan diseinatu eta programatu dituzten robotekin lehiatu ziren Debabarreneko 8 eta 16 urte bitarteko ehun bat gazte.

 Robotika lehiaketak hiru kategoria edo erronka zituen: "Rescue", 1vs1" eta "Space". Batean zein bestean parte-hartzaileek euren buru-argitasuna eta talde-lanean aritzeko gaitasuna erakutsi behar zuten. Izan ere, antolatzaileek azpimarratu dute gazteen artean sormena eta irtenbide teknologiko berritzaileak garatzeko gaitasuna sustatzea dela lehiaketa honen xedea. Robotika arloan espezialista den Doplay enpresak prestatu zituen erronkak.
Hona hemen gainditu beharreko erronkak eta kategoria bakoitzeko irabazleak:

  • SPACE: 2043.eko urtean gaude. Ilargi-base batean. 8 urte daramatzagu eta autosufizienteak gara. Behar ditugun elikagaiak eta ura ekoizten ditugu. Birziklatu egiten dugu eta behar ditugun errekurtsoak erabiltzen ditugu. 100 % autonomoak gara. Lurra Planetarekin kontaktatu ahal dugu irratiaren bitartez. Proiektua: Ilargi-basearen hru sistemekin maketa egitea da. Soraluzeko taldeak izan ziren nagusi proba honetan, lehen hiru postuak eskuratu baitzituzten. JLA taldeak aurkeztutako maketak irabazi zuen lehen saria, Hiruko Taldeak bigarrena eta Los Fantasmicos izeneko taldeak hirugarrena. Besteak beste, ideiaren originaltasuna, erabilitako elementuak, eta mekanismoak bata bestearekin lotuta egotea baloratu zuten epaileek.
  • 1VS1: Talde urdina eta gorriaren helburua, bakoitzak bere lekuetara bloke gehien eramatea izango da. Blokeak dispentzadorea akzionatuz lortuko dituzte. Puntu gehien lortzen dituena izango da irabazlea. Robota sentsore infragorriekin eta baliza batekin kontrolatuko da. Robota era autonomoan mugiarazteko programazioa ere egin dezakegu. Erronka honetan Debako Monobot taldea gailendu zen. Elgoibarko Legendarios IMH taldeak lortu zuen bigarren postua eta Soraluzeko Kolore Lorek hirugarrena.
  • RESCUE: Ertzaintzako erreskate taldekoak gara. Larrialdi dei bat jaso dugu. Bi pertsona mendi tontorrean daude eta ezin dute jeitsi. Beraien bila joan beharko gara, hauek jaso eta beste mendi baxuagora eramango ditugu sendatu ahal izateko. Erreskatea tirolina baten bitartez egingo da. Elgoibarko Las Jugadoras taldearen robotak irabazi zuen Rescue erronka. Elgoibarko eta Azpeitiko ikasleekin osatutako Urkotronic taldeak lortu zuen bigarren postua eta Elgoibarko Mandabot taldea sailkatu zen hirugarrengoan.

  ARGAZKI-BILDUMA: Euskadiko Hezkuntza Robotika Txapelketa

Elgoibarko Udalak sustatu du Euskadiko III. Hezkuntza Robotika Txapelketa, Debegesa Garapen Agentziarekin lankidetzan, eta hainbat erakunderen laguntza jaso du ekimenak, hala nola, Spri, Gipuzkoako Foru Aldundia, S.D. Eibar Fundazioa, Laboral Kutxa eta EPC enpresa. 

2019 09 28 robotika txapelketa elgoibar doplay sari banaketa

∞Lotura duten albisteak: